goitibeherak

Ekain Aurrekoetxeak irabazi dau Arratiako I. Goitibehera Txapelketea

Asier Abrisketa 2022ko eka. 27a, 17:03

Bera izan da, arratiarren artean, Zeanuri eta Diman jokatutako lasterketetan lehena. Axular Solaguren eta Eki Gaskonek osotu dabe arratiarren podiuma.

Astegoien honetan jokatu da Arratiako I. Goitibehera Txapelketea, zapatuan Zeanurin eta domekan Diman. Euriak baldintzatu dauz lasterketa biak, batez be Zeanurin, zaparrada eta guzti. Halanda be, Unai Loyola parte-hartzaileak BEGITUri azaldu deutsanez, lasterketak bere horretan mantenidu eta "auzotarrak ondo baino hobeto portau" dirala azpimarratu dau. Arratiako txapelketea arratiarren artean bakarrik jokatu da, baina bitartean, lasterketak Euskal Inertzia Koparako eta Sputnik koparako be izan dira puntuagarriak eta Espainiar estaduko parte-hartzaileak egon dira.

Lasterketa bietan, Felix Delgado Garcia izan da sailkapen orokorreko irabazlea, Zeanurin 01:19 eta Diman 01:39ko denporakaz. Ostetik, Karlos Xabier Solis heldu zan Zeanurin eta Jorge Perez Revuelta Diman. Hirugarrena barriz, arratiarra izan da lasterketa bietan, Ekain Aurrekoetxea dimoztarra. Zeanurin, Aitor Yurrebaso izan zan bere kopilotua eta Diman, Inhar Altuna.

Holan, pilotu arratiarren sailkapena honakoa izan da, hurrengoz hurrengo: Ekain Aurrekoetxea, Axular Solaguren, Eki Gaskon, Hodei Garate, Inhar ALtuna, Amets Bilbao, Javi Etxeberria eta Sabin Iñaki Bilbao. Kopilotuen sailkapenean barriz, Aitor Yurrebaso eta Inhar Altunak lehen postuan geratu dira bardinduta eta ostetik, Anton Alonso.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!