autodeterminazino eskubidea

60 arratiar baino gehiagok argiztauko dabe Haltzamendi

Asier Abrisketa 2022ko eka. 27a, 11:44

Pirinioetako tontorrak argiztauta, Katalunia eta Euskal Herriaren autodeterminazino eskubidea aldarrikatu gura dau Gure Eskuk zapatuan.

Arratiako Gure Esku taldearen arabera, momentuz hirurogei arratiar baino gehiago alkartuko dira garagarrilaren 2ko astegoienean Ipar Euskal Herrian, Pirinioetako Bidea ekimenean parte hartu eta Katalunia eta Euskal Herriaren autodeterminazino eskubidea aldarrikatzeko. Arratiarrek, Bidarrai (Behenafarroa) herritik hur dagoan Haltzamendi (813 m) mendiaren tontorra argiztatuko dabe. Horretarako, inguruko herrietako kanpinetan hartuko dabe ostatu eta bertan alkartuko dira danak batera Haltzamendi igoteko. Garagarrilaren 2an, 17:30ean Ortzaizen alkartuko dira eleizaren ondoan dagoan frontoian alkarregaz igoteko. Gaueko 21:00etan tontorrean egon behar da prest.

“Ekimen erraldoi eta hunkigarri honetara, arratiarrok ilusinoz beteta goaz. Katalunia eta Euskal Herria libre eta burujabe gura doguz herritarrok gure etorkizuna erabagiteko, eta herritarron borondatea entzun eta errespetau daiten eskatuteko”.

Gau horretan, Katalunia eta Euskal Herriko herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dabez Pirinio osoan zehar. Farol eta linternakaz, Kantauri itsasotik Mediterraneoraino helduko dan argi-lerro bat osatuteko. Argiok 22:00etan izetuko dabez eta argitasuna 40 kilometroko distantziara heltzea espero da. Izan be, indar handiko farol berezi bat egongo da tontor bakotxean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!