"Urkiolara joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu..." dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek.
Bagilearen 18an, zapatuan, egingo da aurten Paduako San Antonioren Urkiolako santutegira errogatibea. Tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera. Horretarako, autobus zerbitzua egongo da; autobusez joan-etorria egiteko edo etorteko bakarrik bada be. Dana dala, danak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira-ta.
Oinez Dimatik eta Zeanuritik
Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik eta Zeanuritik. Dimako plazan goizeko 07:00retan izango da urtekerea eta Zeanurin San Antonio txikerraren (plaza ondoan) ermitearen aurretik abiatuko dira, 07:30ean.
Zeanuri eta Urkiola lotzean dituan ibilbidea oin dala urte batzuk seinalizau zan PR-BI 1 moduan; Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek seinalizau eban Zeanuriko Udalaren laguntzeagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezetutera emoteko aprobetxatuko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiten dira, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea jarraituz. Martxa normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken ibilbidea da.
Mezea "Argiari esker, alkartasun bidean" lelopean ospatuko da, Arratiako herrietako abade guztiak buru dirala. Holan, Ukrainako krisi ekonomikoa eta gerraren gaiez gain, Frantzisko Aita Santuak deitutako atzen bide sinodalaren barri izango dabe bertaratutakoek.
Ospakizun eukaristikorako, Bediako parrokiako antolatzaileek, "diskrezinoz, parte-hartzaileek atsegin izango daben sorpresa bat" prestatu dabe.
Urtero legez, meza ostean parte-hartzaileek argazki ofiziala egingo dabe Urkiolako Santutegiko eskaileretan eta 13:00etan autobusak urtengo dira partaideak euren herrietara eroateko. Informazino gehiagorako arratiaeliza.blogspot.com eta 680 705 666 (Xabier Eskauriatza).