Makatzak Arratiako Ekologista taldeak hitzordu bi antolatu dauz aste honetarako. Bata, uraren pribatizazino eta negozio ereduaren gainean hausnartzeko eta bestea Gueñes eta Itsaso artean eregiten dabizan tensino handiko autopista elektrikoa salatuteko.
Hasteko, Ricardo Gamaza kazetariak zuzendutako Monopolia. Agua: negocio y poder politico dokumentala proiektauko da gaur, hilar 24, Igorreko Kultur Etxean 18:00etan. Ondasun publikoa eta oinarrizko eskubidea dan ura, pribatizau eta negozio zein podere politikorako lehengai bihurtzea salatzen da dokumentalaren bitartez. Modu berean, ura pribatizetako Bizkaiko instituzino publiko eta enpresen arteko amarruak azaleratzen dira.
Domekan barriz, hilak 29, Mandoiara igoteko deia zabaldu dabe. Igorreko udaletxetik abiatuko dira, goizeko 09:00etan. Bertan, Red Electrica de España enpreseak eregiten dabilen Gueñes eta Itsaso arteko 73 kilometro eta erdiko bidean, 70 metroko 132 torreen eraikuntzea zelan doan ikusi eta proiektua salatuko dabe. Torre gehienak altxauta dagoz, baina oindino ez dabe argindarrik garraiatzen. Tarte honetan dagoan laugarren goi-tensinoko linea izango da hau. Bide horretan dagoz Zeberio, Igorre, Lemoa eta Bediako mendi eta basoak, Bizkaia eta Gipuzkoako beste 21 herriren artean.