errugbia

Zazpigarren postuan amaitu dau ligea Arratiko Zekorrak taldeak

Asier Abrisketa 2022ko mai. 23a, 13:10

"Hamabost jokalari egon garen partiduetako balorazinoa oso ona da, baina askotan hamabi joan behar izan gara arpegia emoten. Ez da erraza izan baina datorren urtera begira perspektiba onak dagoz, hau aurrera doa".

Astegoien honetan jokatu dabe zekorrek Senior Euskal Ligako bigarren mailako atzen partidua, Gasteizko Gaztedi taldearen kontra. Markagailuko atzen datua ez da ona izan, 61-10, baina "oso oso partidu duin, harro egoteko modukoa" egin ebela azaldu dau Jon Gurtubaik. Izan be, hiru jokalari gitxiagogaz egon ziran zelaian.

"Aurtengo helburua taldea osotutea izan da, batzuk konprometiduta gagoz eta hau aurrera doa"

Hamabi hamabosten aurka jokatuta, 28. minutura arte 0-3 irabazten mantenidu ziran. 50. minutuan be, alde txikiagaz egon ziran oindino, 14-3, baina zekor bat zaurituta, gasteiztarrek aurrea hartu eta 61 puntuetara heldu ziran. Zekorren 10 puntuak, Zumel Iturratek eta Unai Zuazok lortu ebezan.

Atzen urte bietan talde propio barik egon dirala kontuan hartuta, taldekideek positiboki balorau dabe denporaldia, baina "erregulartasun faltea" azpimarratu dabe. Izan be, partidu askotan ez dira hamabost jokalari izatera heldu. Ligatik zortzi partidutan aurkeztu dira hamabost edo gehiago eta seitan gitxiago. "Danok egon garen zortzi partiduetatik bost irabazi doguz eta hiru galdu, bi liderren kontra eta bestea bigarrenen aurka", azaldu dau Gurtubaik.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!