tokikom

TOKIKOMek Komunikazino talde izaerea sendotzea onartu dau Urteko Batzar Orokorrean

Tokikom 2022ko mai. 3a, 09:46

Soziedadea eratu zanetik 10 urte laster beteko diran honetan, egindako ibilbidearen balorazino positiboa egin eta datozen urteetarako erronka barriak ipini deutsaz taldeak bere buruari.

Komunikabide taldetik komunikazino talderantz

TOKIKOM sortzeako helburu nagusienetako bat sakabanatuta egoazan toki komunikabide txikien baturatik indarra atera eta sinergiak aprobetxatzea zan, eta egindako bideak erakutsi dau ebatzizuzena izan zala. Hareri esker, TOKIKOMek bazkideetako bakotxarentzako bakarka eskuraezinak diran tresnak eta zerbitzuak ipini dauz martxan: plataforma digitala, publizidade kanal bateratua, papererako edizino sistemea, multimedia artxibo eta zerbitzaria, adimen artifizialeko tresna multzoa... Oin dala urte gitxi batzuk euskarazko toki komunikabideentzat pentsaezinak ziran aukerak gaur esku-eskura daukiez, TOKIKOMek bultzatutako indar metaketeari esker. Horrezaz gain, TOKIKOM euskerazko toki komunikabideen erreferentziako eragile eta solaskide bilakatu da erakunde publikoen, beste hedabideen zein iragarle handien aurrean.

Lorpen horreek ikusita, eta 2020an egindako gogoeta estrategikoaren ondorioz, Batzar Orokorrak onartu dau TOKIKOMen barne kohesnioa landu eta bazkideen arteko lankidetzan sakontzea, ‘komunikabide talde’ izatetik ‘komunikazino talde’ izatera pasatzen hasteko. Eraldaketa hori izango da TOKIKOMen hurrengo urteotako pausuak gidatuko dauzan helburu nagusia.

Egonkortzea

Sortu eta ia 10 urtera, TOKIKOMek bere egitura tekniko eta finantzarioa egonkortzea lortu dau, datozen urteetako erronkei erantzuteko oinarri sendoa ezarriz. Taldearen zerbitzu propioek eta publizidade salmentak sarreren %83a suposatzen dabe honezkero, eta urteko bolumena 600.000 eurokoa da.

Taldearen produktu eta zerbitzu eskaintza biderkatu egin da azken urteotan, eta horrek be erronka handia suposatzen dau barne kohesinoari begira. Barikuko Batzar Orokorrean ezarritako etxeko lanen artean, taldearen eta bazkide txikienen arteko komunikazinoa zaintzea dago, bazkide txiki horreei be gitxinaka-gitxinaka dinamika barrietan sartu eta hazkunde fasean sartzea errazteko.

Zero kilometroko komunikazinoa

Pandemia garaiotan inoz baino argiago geratu danez, tokiko kazetaritza esentziala da demokrazia sozialerako, eta toki komunikabideek kalidade handiko kazetaritza lana egiten dabe. Holan adierazoten dabe audientzia datuek (tokikoek euskerazko komunikabide ez publikoetako audientzia digitalaren %70a dira), hainbat ikerketa lanek, bai eta toki komunikabideek atzenaldian jasotako zenbait sarik.

Tokiko kazetaritza bertatik bertara egiten da, ez dago teletipoen itxaroan, notizia dagoan lekutik egiten da, kaletik. Testuak, argazkiak, bideoak... herritarrengana gerturatuz sortzean dira. Horrek dakar eduki hau bakarra eta gertukoa izatea eta, nahiz eta denpora eta dirua kostau, zero kilometroko kazetaritzak emaitzak emoten dauz. Hori dala-ta, TOKIKOMen Batzar Orokorrak azpimarratu dau inoz baino beharrezkoagoa dala toki komunikabideen bezeroei, irakurleei zein erakundeei argi erakustea tokiko kazetaritzearen onurak. Izan be, tokiko komunikazinoak badauka bere kostua, baina bere hartzaile kopurua eta epe ertain-luzeko eragina kontuan izanda, beharrezko inbersinoa da.

76 komunikabide

Gaur-gaurkoz, BEGITUgaz batera, 28 bazkidek osotzen dabe TOKIKOM, guztira 74 hedabide kudeatzen dabezanak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Guztira, 200 langiletik gora dagoz jardunean taldeko komunikabideetan, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara heltzean da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!