Bizitza bera bezain ederra izan zan Korrika Arratian. Poza, kolorea, oroimena, errebeldia eta duintasuna ikusi zan. Arratiako herri bakotxean, historia bateri lotu jakon Korrika, lekuko eroalearena eta beragaz joian jentearena, hain zuzen be. Eta poza nagusi izan arren, bizitzaren beste aldeak be agertu ziran, duintasunez beti.

Lan eguna izan arren, jentetzea batu zan Korrikara. Arratiak itzel erantzun eban, “betiko moduan”, AEK-ko Klara Astondoaren berbetan. Poza. Korrika pasau zan herri guztietan somatu zan poza. Eta herritik pasau barik be poza adierazo eben Dimako Udalak, alkarteek, eskoleak... lekukoa eroan eben Barazarreko kilometroetan. Kilometro bakotxean bertso bat bota eban Zefe Ziarrustak. Berezia izan zan. Itzelezko jentetzea egon zan Zeanurin, baita Areatzan be. Areatzako lehenengo kilometroa, BEGITU argitaratuten dauan Zertu Kultur Elkartearena zan. Kolorea nagusitu zan han. Ustrukuaren koloreetako guardasolpetan hartu eben lekukoa Joane eta Malen Bilbaok eta Onintze Petralandak.
AEK-ko kilometroa izan zala bereziena dino Klara Astondoak, oindino hunkituta. Egoitz AEK-kidea oin dala urte bi hil zan, eta haren oroimenean, AEKren kilometroan bere neskalagunak, semeak eta aitaginarrebak eroan eben lekukoa. Mobimentu feministearen mendeetako errebeldia ekarri eban akordura Lemoako lehenengo kilometroan kolore moreak. Irune Costumerok eta Maitane Olatz Bilbaok eroan eben lekukoa, giro ederrean.
Bedian, momentu berezienetako bat bizi izan zan. Jandoniz egoitzaren kilometroan, lekukoa, gurpil aulkian dagoan egoiliar batek hartu eban. AEK-ko lankide ohi baten aita dala dino Klara Astondoak. Lekukoa tente, indarrez eta duintasunez eroan eban. Edade guztietako eta kolore desbardinetako jenteak, sasoian dagoanak eta bizitzaren arpegi latzenari duintasunez erantzuten deutsanak eroan eban euskerearen lekukoa. Ederra izan zan.
AEK: "Euskal gizarteari KORRIKA eskainiko jako euskerearen olatua handitzen jarraitzeko".
Hamaika egun eta 2.500 kilometro baino gehiago egin eta Donostiako jaia amaituta, Korrikaren balorazino positiboa egin dau AEKk, "Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepideetan gertatu dana zinez indartsua izan da".
Korrikaren helburu biak bete dirala uste dau AEK-k. Batetik, euskerearen aldeko kontzientzia eta herri-gogoa hauspotuta ikusi dabe. Bestetik, AEKren jarduna finantziatzeko helburua be badauka Korrikak, oindino balorazino zehatza egiteko goiz bada be, aldagaiek helburuak bete dirala adierazoten dabela dinoe AEKtik.
Helburuak beteta be, 23. edizinoko prestaketei laster helduko deutseela azpimarratu dabe: “inoz baino argiago dogu KORRIKA egiten jarraituko dogula; edizino honek inoz baino irmoago erakutsi deusku Korrikak zelango babesa izan dauan: ikusi dogu hau izan dala maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dana”.
Horrez gain, AEK-k gorotau dau Euskaltegiak badagozala zabalik, “euskaltegiak zabal-zabalik daukazuez, euskerea lantzeako, gaitasun egokia eskuratzeko, gehiago erabilteko". Amaitzeko, Administrazino Nagusiengana zuzendu da, hizkuntzaren dobako ezagutzearen unibersalizazinoaren bidean laguntzeko.