Korrika da euskerearen jairik handiena eta milaka personak hartzean dabe parte bertan, lekukoa eskuan eta pankartearen atzean galapan egiten. Baina ez da hori bakarrik, herritik pasatzean jai giroa ixten dau herrian. Egunean bertan, musikea eta janagaz ospatuten da Korrika herritik pasetea, aurten jente ugari espero da Arratian, arrastian zeharkatzen dau bailarea eta. Baina aurreko egunetan be herriak atondu edo korrika kulturaleko ekintzakaz hasten dira jairako girotzen. Gaur bertan, hilak 31, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria egongo da Dimako eskolan. 19:00etan hasiko da Ezina ekinez egina ikuskizuna taularatzen
Barikuan Bedian, aprilaren 1ean, batuko dira 17:15ean petoak eta pankartak egiteko. Gero, 18:30ean, umeek egingo dabe euren neurriko Korrika Txikia herrian. Honeek amaitzerakoan, 19:00etan, Zirkoteke ikuskizuna egongo da plazan. Nagusientzako barriz, ardao ekologikoen dastaketea egongo da plazan 20:00etan.
Egun berean, aprilaren 1ean, egingo dabe Igorren be Korrika prestatzeko jaia. Igorreztarrak 18:00etan batuko dira Bidebarriko parkean eta han taldeko Korrika argazkia aterako dabe. Gero, ume eta gazteek Korrika kantearen koreografia egingo dabe. Musikea eta bertsoak ez dira faltauko jaia girotzeko. 19:30ean barriz, Gau Lora tabernaren aurrean, kantuak: Igorre Kantari, 11 Kanturen eskutik.
Zapatuan, aprilak 2, Ganzabal Mendi taldeak, Berbalagunek eta guraso alkarteak antolatuta, Orozkoko Larragorri mendira joango dira oinez, 09:30ean Lemoatik urtenda eta 09:45ean Igorretik. Hamabi kilometroko ibilaldia da.
Zeanurin be, zapatuan ospatuko dabe Udalak eta Kultur Batzordeak antolatutako Korrika eguna. Jaia eguerdiko 12:00etan hasiko da umeentzako jolasakaz. Arrastian be jarraituko dira umeak jolasean, 16:00etatik aurrera, bazkalduteko etenaldia egin ostean. Izan be, 14:00etan herri bazkaria egongo da. Arrastian barriz, 19:30ean, Eingo “fun-fun”.
Domekan barriz, umeentzako jolas eta tailerrak gidatuko dauz Areatzan Zaztaparrak Asti Taldeak. Udaletxeko aurkupeetan egongo dira txokoak, eguerditik aurrera.