Lemoako Harrobi taldeak 2-1 galdu eban domeka eguerdian etxetik kanpo Begoña B taldearen kontra. Denporaldi osoan partidurik galdu barik egon bada, be atzen partidu biak segiduan galdu ditu. Datorren partidua Loyola Indauchu taldearen kontra jokatuko dau Arlonagusian, aprilaren 2an, arrastiko 17:00etan. 26 jardunaldiren ostean bigarren postuan dago Lemoako taldea 50 puntugaz.
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Gallarta A taldearen kontra Urbietan eta 2-1 irabazi eban. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau aprilaren 3an, Ugeraga A taldearen kontra 11:30ean. 30 jardunaldiren ostean Arratia A hirugarren postuan dago 58 puntugaz.
Arratia B taldeak be zapatuan jokatu eban, eta 1-2 irabazi eban Iraultza taldearen kontra etxetik kanpo. Datorren partidua etxean jokatuko dau Arratia Bk, Derio B taldearen kontra aprilaren 2an, arrastiko 16:00etan. 25 jardunaldiren ostean Arratia bigarren postuan dago 52 puntugaz eta puntu bira dauka Galdakao B liderra.
Andrazkoen Arratia A taldeak barriz Urbietan jokatu eban domekan, Athletic Club C taldearen kontra eta 1-2 galdu eban. Datorren partidua Bizkerre liderraren kontra jokatuko dau etxetik kanpo, aprilaren 3an eguerdiko 12:30ean. 23 jardunaldien ostean Arratia hamaikagarren postuan dago 23 puntugaz.
Andrazkoen bigarren taldeak 2-1 galdu eban zapatuan Elorrio B taldearen kontra etxetik kanpo jokatutako partidua. Datorren partidua San Ignacio B taldearen kontra jokatuko dau Arratia Bk aprilaren 2an arrastiko 18:30ean Urbietan. 24 jardunaldiren ostean hamahirugarren postuan dago Arratia 27 puntugaz.