Gaur Areatzan, martiak 18, 18:00etan, Uhinak dokumentalaren emonaldia eta ostean Korrikaren inguruan berba egiteko hitzordua dagoz Udal Aretoan, Berbalagunek antolatuta. Korrikako materiala be salduko da bertan.
Ordu berean, Korrikaren aurkezpena egingo da Zeberion. Gero, eskolako umeek bertsoak botako dabez, play-backa, grafitia, Korrika erropeagaz pasarelea, jana, edana eta jolasak be egongo dira plazan. Nafarroa Kantuz taldearen musikeagaz girotuko dabe herria.
Hurrengo egunean, zapatua, San Josetako bertso saioa egongo da Igorren 18:00etan. Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Alaia Martin, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Jon Maia izango dira aurten bertsotan jardungo daben bertsolariak. Urteroko ,eta arrakasta handiko, jarduera hou Korrika Kulturalaren programazino barruan dago aurtengoan. Beste jarduera bat be egongo da Igorren, berenberegi Korrika Kulturalerako antolatutakoa: martiaren 25ean, 20:30ean, Jon Maia Igorrera bueltauko da, Kantu bat gara kontzertua eskainiko dau Lasarte Aretora, hain zuzen be.
Lemoan, martiaren 26an Korrika datorrela ospatuz eguerdian 13:00etan hasita, Hartaguzti sagardo lemoaztarraren dastaketea, herri-bazkaria 15:00etan eta jolasak egongo dira. Arratiarrek etxetik bazkaria eroan eta jaigiroan bazkalduko dabe. Musikea eta jantzea ez dira faltauko Durundibarri Dantza Taldeagaz, eta Korrika dendea be egongo da.
Diman martiaren 26an, Ixabel Agirresaroberen Ezina ekinez egina ipuin kontaketea egongo da 19:00etan eskolako kamaran. Hilaren 29 arrastian, barriz Zorionak Marimotots! umeentzako ikuskizuna egongo da frontoian.
Bedian, martiaren 31n 17:00etatik 19:00etara Korrika tailerra egongo da Ludotekan. Hurrengo egunean, 17:15ean hasita, tailerrak, Korrika Txiki eta umeentzako Zirkoteke ikuskizuna antolatu dabez txikientzako. Nagusientzako ostera, 20:00etan ardao dastaketea. Aprilaren 2an, Ganzabalek antolatuta, umeakaz egiteko pentsauta dagoan ibilalditxo bat be egingo da, "beti Arratiako mendi batera joan izan gara, baina aurten Orozkoro joango gara" dino Ortegak.