M8

Bigarren hamabostaldian be emongo jako jarraipena Martiaren 8ari

Asier Abrisketa 2022ko mar. 17a, 11:25

La Basu.

La Basuren kontzertua, Irantzu Varelaren bakarrizketea, formazino saio eta bertso-afariagaz zarratuko da Emakume Langileen Nazinoarteko Eguneko programazinoa.

Hilaren 18an, Arantzazun, kontzertua eskainiko dau La Basu Etxebarriko rap abeslariak, Herrikoan 19:00etan. Remixes (2013); Aire es vida (2015); Izotz Erregina (2016) eta Ni naiz izotz erregina (2017) diskoak argitaratu ditu momentuz. Aneguriagaz batera, hip-hopean andren aldeko Esquina Femenina proiektuko kidea da.

Domekan barriz, hilak 20 Lemoan, barre batzuk egiteko aukerea egongo da Irantzu Varelaren Villana bakarrizketeagaz. 19:00etan hasiko da emonaldia Kotxepinen. Izena aldez aurretik emon behar da www.lemoa.net webgunean, haurtzandegi zerbitzua be egongo da aurretik eskatu ezkero.

Martiaren atzen bariku-zapatuan, hilaren 25 eta 26an, hain zuzen be, Ilgoran Jabekuntza Eskolako ¿Cómo estar en grupos y no morir en el intento? tailerra emongo dau Areatzan Mar Garrotek. Lehenengo saioa, barikukoa, 18:00etatik 20:00etara izango da eta hurrengo egunekoa 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era. Tailer honetan zelan lan egin sarean eta kolektiboan nekatu barik ikasiko dabe partaideek.

Zapatu berean, Artean, Kafrangak talde feministeak antolatuta, bertso-afari feministea egongo da Ustrukue jatetxean, 20:00etatik aurrera "andrentzako*". Saioa Alkaiza 2021eko Nafarroako Bertsolari txapeldunak eta Onintza Enbeita, 2018ko Bizkaiko Bertsolari txapeldunak botako ditue bertsoak.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!