Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek euskerazko hedabideak diruz laguntzeko hitzarmen markoa berretsi dabe gaur, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan egindako ekitaldi ofizial batean. Ekitaldian, erakunde publikoak bakarrik ez, hedabideen ordezkariak be egon dira, tartean BEGITU bazkide dan TOKIKOM.
Alaitz Artolazabalen, TOKIKOM: “zifretatik harago, azpimarratzekoa da erakundeak eta hedabideak alkarregaz lan mahai bateratua osotu eta langaiak bertan adosteko egindako ibilbide emonkorra”.
2019an egin zan modura, beste hiru urterako marko bat onartu da, 2022-2024 bitartean indarrean egongo dana. Guztira, urtero 11,5 milioi euro bideratuko dira hedabideon jarduna finantzatzera. Erakundeek azaldute dabenez, hitzarmenak helburu nagusi bi ditu: euskerazko hedabideon garrantzia aitortzea, eta sektorea egonkortu eta sendotzeko eredu barri bat bilatzea.
Hiru urte honeetan sakontzeko hainbat gai izango dabez erakundeek zein hedabideek sortutako mahaian. Tartean, hedabidegintzak bizi dauan krisiari aurre egiteko barrikuntza beharrak eta digitalizazinoa.
Hekimenen balorazinoa
Euskal Hedabideen Elkarteak modu positiboan balorau dau hitzarmen barria, mahaia bera eta lortutako aurrerapausu bat dan heinean. Baina gogorarazo dau, oindino be, sektorearen benetako beharrei erantzuteko neurri eta baliabide gehiago behar dirala, besteak beste, barrikuntzak sustatzeko.
Hekimenek dinoanez, "sektoreak hartzaileengana heldu gura badau trantsizino digitala egin beharra dauka". Bide horretan Hekimenek defendatzen dau erakunde publikoen laguntza ezinbestekoa dala. Jokoan behar-beharrezkoa dan zerbitzua dagoalako, hain zuzen be, herri ekimeneko euskal komunikabideena.