Loraldia Festibalaren zortzigarren edizinoan, ekintza ugari egingo ditue Zorrotzaurre irlako La Terminal Aretoan. Hilaren 12an, zapatua, 11:30etik aurrera gazteei zuzendutako eta euskerazko egun osoko programazino oparoa antolatu dabe graffiti, musika, literatura eta arte plastikoen emonaldiakaz.
Egun osorako sarrera parea gura izan ezkero, BEGITUren sare sozialetako batean artikulu honen argitalpena bilatu eta bertan komentario bat idatzi behar da. Parte-hartzaileen artean zozketatuko dira sarrerak.
Zapatuko Terminala jardunaldia 11:30ean hasiko da Bilbronx-egaz. Hasteko, graffiti tailerrean hartu ahalko dabe parte bertaratutakoek eta gero, Euskal Herriko Beatbox Txapelketea jokatuko da zuzenean. Arrastian zehar izango dira hurrengo emonaldiak.
18:30ean, Kresala Dantza Taldeak Aztarnak, mihisean dantzan emonaldia taularatuko dau, jantza garaikidea eta arte plastikoak buztartzen dauz ikuskizunak. Gero, Xanti Agirrezabalak bere sorkuntza dan Satiro personaia aurkeztuko dau antzerki-bakarrizketa formatuan, "sexu-sen gordinenak irudikatzen dauzan izakia".
20:30ean barriz artea, literaturea eta musikea batzean dauzan Gorpuztu ikuskizuna taularatuko dabe Ekiñe Casado, Iraitz Agirre, Libe Argoitia eta Maria Osesek. Fereka liburuan oinarritutako obrea da hau.
Jardunaldia J Martina taldearen kontzertuagaz amaituko da, 22:00etan hasiko dana. Ane Barcena, Kattalin Barcena eta Javi Jorajuriak osotutako hirukote entzutetsuak pop elektronikoa ekoizten dau.