Zapatuan, martiak 5, ebatziko da Euskal Herriko 22 urtez azpiko eskupelota txapelketearen bikote irabazlea. Mungian jokatuko da partidua eta batek ala besteak irabazi, Arratiara etorriko dira txapel biak. Izan be, Zeanuriko Joko Alai kluba eta Dimako Txumuluxueta kluba egongo dira aurrez aurre.
Mungiako frontoian, 11:00etan hasiko dira partiduak, finala hirugarrena izango da. Bertan neurtuko dabez indarrak Zeanuriko Beñat Etxeita eta Maren Emaldik alde batetik eta Xabier Rekalde eta Ioritz Arbaizak bestetik.
Nagusien mailako finalean be egongo dira arratiarrak jokoan. Lemoako taldea osotuten dabe Mikel Aurrekoetxea lemoaztarrak eta Markel Egaña dimoztarrak. Lazkaoko LAPKE B bikotearen kontra izango da partidua, Zumarragako Beloki pelotalekuan 17:30ean.
Honen ostean jokatuko dira txapelketako andrazkoen finala, Lea Ibarra eta Aloñamendi taldeen artekoa, eta ohorezko mailako finala, Tartaloetxe eta Tolosa taldeen artekoa.