Eskupelotea

EPELen Binakako Txapelketako finalaurrerako sailkatu dira Elezkano II eta Zabaleta

Asier Abrisketa 2022ko otsailaren 21a

Mariezkurrena II eta Jakari 22-18 irabazita lortu dabe finalaurreko ligaxkarako pasea. Promozino mailan, Etxebarria eta Zabalak playoff-ak jokatu beharko ditue txapelketan aurrera egiteko.

Burruka gogorra izan da aurtengo EPELen Binakako Txapelketan. Lau bikote egon dira sailkapeneko buruan, alde minimoagaz. Atzenean, Altuna III-Martija eta Elezkano II-Zabaleta izan dira lehenak. Beraz, finalaurreko ligaxkara egingo dabe zuzenean saltu, hurrengo laurek barriz, playoff-ak jokatuko ditue.

Elezkano II eta Zabaletak 22-18 irabazi dabe sailkapen ligako hamalaugarren eta atzen jardunaldian. Holan, euren partea bete eben, irabazitako hamar partiduak lortuta. Halanda be, Altuna III-Martija eta Irribarria-Rezusta bikoteen emaitzen faltan, ez eben jakin finalaurrekoetara edo playoff-etara joango ziran. Atzenean, lehenengoek bakarrik lortu eben garaipena, beraz sailkapeneko bigarren postuan geratu dira Elezkano eta Zabaleta.

Astegoien honetan, playoffak jokatu bitartean, deskantsurako aukerea eukiko dabe lehenengo bikote biek. Gero, martiaren lehen astegoienean hasiko dira finalaurreko partiduak.

Promozino mailan

Oier Etxebarria igorreztarrak be eukiko dau Zabalagaz batera finalaurrekoak jokatuteko aukerea. Zubizarreta III eta Eskirozen aurka neurtu dira astegoienean eta 22-18 irabazi dabe. Baina sailkapen orokorrean bosgarrenak izan diranez, playoffak jokatu beharko ditue lehenengo.

Lehenengo playoff partidua astegoien honetan jokatuko dabe, barriro be Zubizarreta III eta Eskirozen kontra, honeek izan diralako laugarrenak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!