Zezeilaren 10ean Labik, COVID-19ari aurre egiteko neurri guztiak bertan behera ixtea ebatzi eban. Hurrengo egunean, Lehendakariaren Dekretuak, pandemiaren ondoriozko osasun larrialdiko egoerea amaitu dala deklaretan dau. Beraz, osasun larrialdiaren ondoriozko neurriak eragin barik geldituko dira gaurtik aurrera. Neurri murriztaileak bakarriz ez, honeek gomendatzen ebazan Labi Batzordea be desegin da.
Hori dala eta, kendu egin dira aforo eta ordutegi murrizketak. Ordura arte, 01:00 zan zarratuteko ordua eta establezimentu gehienetan aforoa %60koa zan. Tabernetan, barran konsumiduteko aukerea zabaldu eta mahai bakotxean 10 persona baino gehiago batu ahalko dira.
Halanda be, Espainiako gobernuaren esku dagozan neurriak manteniduten dira oindino be: mosukoaren derrigortasuna barruko espazioetan eta kirol estadioetako edukierak, besteak beste. Espazio zabaletan, mosukoaren derrigortasuna kendu eban zezeilaren 8an Espainiako Gobernuak.
Osakidetzako langileak mobilizazinoetan
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, greba deialdia egin dabe Osakidetzako Lehen Arretan zezeilaren 25erako. Hurrengo egunean, 26an, manifestazinoak antolatu ditue EAEko uriburuetan. Hilaren 28an barriz, mobilizazinoa handituko dabe, greba deialdia Osakidetzako langile guztientzat izango da.
Urtailaren 23an egindako manifestazino jentetsuen ostean, Osakidetzak eta Osasun Sailak, Osakidetzaren arazo larriak konponduteko, ez dabela pausurik emon salatuten ditue sindikatuek. Osasun sistema publikoaren desegitea eta prekarizazinoari aurre egiteko dira mobilizazinoak, izan be, COVID-19aren krisiak larriagotu egin dau egiturazko arazo hau.
.