Ankerkeriari stop

Arratia BHIko ikasleak seinalatu dauz Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak

Asier Abrisketa 2022ko ots. 11a, 17:40

Arratia BHIn egindako Aitor eta Galderren aldeko alkarretaratzea salatu eban COVITEk sare sozialetan. Zuzendaritzeak eskegita geratu zan pankartea kenduarazo ostean, Ikamak salatu dau zuzendaritzearen ebatzia "talde faxista baten txioaren ondorio" dala.

Zezeilaren 2an, Arratia BHIko ikasleak patioan alkartu ziran Auzitegi Nazionalak epaitu eta kondenau dauzan Aitor Zelaia eta Galder Barbadori alkartasuna adierazo eta absoluzinoa bakarrik onartuko dabela esateko. Egun berean COVITEk, ETAren biktimen alkarteetako batek, Twitter eta Facebooken konzentrazinoa publikoki salatu eban, institutu batean hori gertatzea "duintasun bako" egoerea dala argudiatuta.

Irakasle batek, txioa ikusi eta zuzendaritzan jakinarazo eban COVITEren salaketea. Orduan, zuzendaritzeak ebatzi eban, Ikamak azaldu dauanez, pankartea institututik kentzeako beharra eta oindik aurrera ezingo dala ikastetxean holango kontzenrazinorik egin. "Araudia bete behar dogu" adierazo deutso zuzendaritzak BEGITUri, legeak agintzen dauan modura, baimenik eskatu ez zala eta mobilizazinoa ezin dala anonimoa izan argudiatuta.

Ikama ikasle antolakundeak barriz, talde faxista bateri kasu egiteagaitik egotzi eban zuzendaritza. Izan be, 2021ean alkarretaratze bardina egin zanean, ez zan trabarik ipini. Zezeilaren 9an, klase orduetan, jesarrialdia antolatu eben institutuko korridoreetan "Zentsurari ez" lemapean. Bitartean Ikamako kide bi zuzendaritzeagaz batu ziran azalpen eske, gazteetako batek BEGITUri azaldu deutsanez, "institutuan jardun politikorik egin ahal dan jakiteko informau" behar zirala azaldu jakien.

COVITEk, Arratiako Ikamaren sareetara adi, bere lorpena goraipatu eban jesarrialdiaren barri eukitean: "Gure salaketeari esker manifestazino honeek debekatu ditue Arratiako institutuan". Zuzendaritzeak ez dauz komentario honek balorau gura izan, baina Ikamako kide batek azaldu dau ez dagozala "ume-burruketan" sartze<ko, gazteak mobilizatzen jarraitzeko baino.

Zuzendaritzeak, legedia begiratu ostean azaldu dauanez, ikastetxeetan ezin dira kartel politikoak ipini, "oin jakin dogunez, kanpoko hesian bez". Gainera, hezkuntzeagaz zerikusia daukien alkarretaratzeak baino ezin dirala dino barne-araudiak. Beste alde batetik, arduratuta agertu dira gatazka honeek "institutuarentzako propaganda txarra" diralako.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!