Peña II eta Albisuren aurka neurtu dira EPELen Binakako Txapelketako atzen jardunaldian Elezkano II. eta Zabaleta, atzo Beotibar pelotalekuan. Txapelketa hasikerako mailara bueltau ziran atzen honeek, eta garaipen biribila lortu, 22-9. Momentu guztietan egon ziran markagailuan aurrea hartuta, 8-6 izan zan alderik estuena. Hortik aurrera, Elezkanoren erasoak eta Zabaletaren defensa gogorrak aukera gitxigaz itxi ebazan Peña II eta Albisu.
Holan, Elezkano II eta Zabaleta bigarren postuan dagoz sailkapen orokorrean, jardunaldi biren faltan. Halanda be, lehenengo postuetako lehia estu-estua da, lehen laurak dagoz zortzi partidu irabazita. Lehenengo biak jarraian jokatuko dabez finalaurrekoak martian. Besteak barriz, playoffean lehiatu beharko dira, hirugarrena seigarrenaren aurka eta laugarrena bosgarrenaren kontra.
Hurrengo partiduan Urrutikoetxea eta Arangurenen aurka jokatuko dabe Bilbon, hilaren 12an.
Promozino mailan
Oier Etxebarria igorreztarra Zabalagaz batera dabil promozino mailan, atzen jardunaldi bietan irabazi ostean, semifinalak jokatuteko lehian sartu dira. Atzo jokatu eben Bakaikoa eta Elizegiren kontra, 19-22 amaitu zan partidua, Etxebarria eta Zabalaren alde.
Jardunaldi biren faltan, laugarren postuan dago Etxebarria, hamabi partidutik sei irabazita. Hurrengo jardunaldian seigarrenen aurka lehiatuko dira, Larrazabal-Salaverri II, eta atzen jardunaldian hirugarrenen aurka, Zubizarreta III-Eskiroz. Beraz, partidu biak irabazi ezkero, semifinalean egongo dira Zabala eta Etxebarria.