Arratiako Udalen Mankomunitateak, eskualdeko hezkuntza-eragileakaz eta Udalakaz batera hasi dau ekimena, kale hezitzaileak protagonista izango dituana. Mankomunitatearen Enplegu Planaren testuinguruan, eta Lanbideren babesagaz, lau gizarte-hezitzaile kontratau ditue; bagila bitartean garatuko dabe proiektua.
Laguntzino-, akonpainamentu- eta orientazino-zerbitzu hau emoteko, koordinazino estua egongo da parte hartzean daben eragileen artean; era berean, une oro ekimena balorauko dabe, eta egokitu egingo dabe, sortzean diran beharrizanen arabera.
Lehen fasean, hezitzaileek Igorre eta Lemoako hezkuntza-zentroen inguruan jardungo dabe, bertako proiektu eta ekimenetan hezitzaile papera beteteko. Igorre eta Lemoatik hasiko dira, bertan batzean diralako Arratiako ikasle gehienak. Besteak beste, oinez busa eta eskola bideak ekimenetan laguntzea emon eta eskola-inguruneko jarduera ludikoetan hartuko dabe parte. Ekintza honeetan, euren funtzinoa izango da ikasleen artean jokaera osasungarriak uztartzea eta jarrera zibikoak sustatzea.
Bigarren fasean, eta ikastetxeen zeregina bideratuta dagoala, kale hezitzaileen esku-hartzea Arratiako udalerrietako hainbat lekutara zabalduko da. Batetik, udal-ordezkariek zehaztutako jarduerak egingo dabez. Baina edozein personaren kezkak, kexak edo/eta hobetzeko proposamenak be jasoteko arduradunak izango dira.