Barikuan jokatu eben Hendaian Elezkano II.ak eta Zabaletak, Laso eta Imazen aurkako partidua. Asko egoan jokoan, izan be, lehenengoek txapelketa osoan lidergotza mantenidu ostean, partidu bi galdu eta lehia estutu zan EPELen Binakako Txapelketan. Barikuan Laso eta Imazek irabazi eben, 15-22, sailkapenari bueltea emonda.
Laso izan zan partiduko protagonista nagusia, eta Imazek lan parebakoa egin eban defensan. Zabaleta eta Elezkanok asko sufridu eben, horren erakusle izan zan bien belaunak odoletan ikustea, Zabaletak atzamarrean be egin eban zauria eta jokoa gelditu behar izan eben hau tratetako.
Holan, Elezkano II eta Zabaleta, atzen hiru partiduak galdu ostean hirugarren postura bajatu dira. Baina oindino be, aukera asko daukiez lidergoa berreskuratzeko, izan be, lehen laurak dagoz zazpi partidu irabazita, oso bardinduta. Irribarria-Rezusta, Laso-Imaz, Elezkano II-Zabaleta eta Altuna III-Martija dira, hurrenez hurren, sailkapeneko protagonistak.
Promozino mailan
Igorreko Oier Etxebarria be badabil Binakako Txapelketan, Promozino mailan Zabalagaz batera. Honeek emaitza hobea lortu dabe oingoan, Alberdi eta Uriondoren aurka 22-08 irabazi eben atzo Etxebarrin. Hamaika jardunalditan bost partidu irabazi ditue Etxebarria eta Zabalak, sailkapenean bosgarrenak dira. Liderrak barriz, Bakaikoa eta Elizegi dira, bederatzi partidu irabazita.