covid19

Kalean maskarea erabiltzera behartuko dau Espainiako Gobernuak bihartik aurrera

Asier Abrisketa 2021ko abe. 23a, 10:47

Militarrakaz indartu gura dau Pedro Sanchezek txertaketa kanpainea, 60 urtetik gorakoen %80ak hiru txertoak jasoteko helburuagaz. Erretiroa hartu daben osasun langileak barriro kontratatzeko aukerea be zabalduko dau seigarren olatuari aurre egiteko.

Atzo arrastian batu zan gobernuko presidentea autonomia erkidegoetako buruekaz, neurri barriak adostuteko. Neurriak gaurko Ministro Kontseiluan onartuko dira. Halanda be, Iñigo Urkulluk salatu dau ez dala akordio batera heltzeako aukerarik egon. Izan be, lehendakaria maskara kanpokaldean be derrigortzearen aldekoa da, baina beste eskaera zerrenda bat be eroan eban konferentziara, adostu barik gelditu ziran neurriok.

Maskarea derrigorrezkoa izango da kanpoaldean be, salbuespenak kenduta. Kirola egitean edo «espazio naturaletan» kendu ahal izango da, bakarrik edo bizikideekaz egon ezkero. Jarduera horreetako batean bizikide ez dan baten bategaz egon ezkero be, ez da derrigor jarri beharko, metro eta erdiko distantzia gordetzen dan kasuetan.

Besteak beste, urtailaren 31ra arte, establezimentu komertzial, sozial eta kulturalak gehienez 01:00ak arte zabalik egotea proposatu eban, eta leku zarratuen edukierea gehienez be %60ra mugatzea. Gainera, Gabonetako egun garrantzitsuenetan neurri zehatzagoak be proposatu ebazan; adibidez, ostalaritzako establezimentuen eta komertzioen ordutegiak mugatzea abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtailaren 1ean, 5ean eta 6an.

Momentuz, Urkulluk esan dau ez dauala EAEn bestelako neurririk inposatuko. Izan be, uste dau ez daukala zentzunik "beste erkidegoekaz koordinau bako neurri murriztaileak ezartzea".

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!