INDARKERIA MATXISTEAREN AURKAKO EGUNA

Igorren izango da zemendiaren 25ean Arratiako manifestazino bateratua

Asier Abrisketa 2021ko aza. 24a, 11:39

"Indarkeriaren kontra, iraultza feminista" lelopean batuko dira manifestariak Kultur Etxeko plazan 19:00etan. Arinago be, 18:00etan kontzentrazinoak egingo dira Artea, Dima eta Lemoan.

Zemendiaren 25a da Andrakanako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna eta Arratian be mobilizazinorako deia luzatu dabe talde feminista, andra talde eta instituzinoek. Egunean bertan, kaleak hartuko ditue arrastian feminismoagaz konprometidutako talde eta gizabanakoek. Baina aurretik eta atzetik be, egin eta egingo dira ekintza kultural eta berbaldi ugari.

Gaur, Bediako frontoian Mari eta gaileta fabrika umeentzako antzerkia taularatuko da 18:00etan. Eidabe konpainiaren obrak memoria eta transmisinoaren garrantzia azpimarratzen dau, gaurko andrei bidea erraztu deutseen andra langileei omenaldia eginez.

Igorren barriz, pelikula bat proiektauko da 19:00etan, kultur etxean. Volar filmak indarkeria sufridu daben 9 andraren bizipenak jasoten dauz, testigantzen bidez.

Egun nagusia izango da biharkoa, zemendiak 25. Hasteko, ekitaldiak egingo dira Artea, Dima eta Lemoako plazetan, 18:00etan. Diman sokajantzea be egingo da.

Ostean, herri guztietatik mobiduko dira Igorrera, ekitaldi nagusian parte hartzeako. 19:00etan urtengo da manifestazino zaratatsua Kultur Etxeko plazatik, gero herriko kaleak "indarkeriaren kontra, iraultza feminista" aldarriagaz beteteko.

Hurrengo ekintzak

Indarkeriaren kontrako lanketea ez da eguenean amaituko. Zapatuan Abaroa aretoan 12:30ean, Irune Costumerok bere kasua aurkeztu eta Guraso Alienazino Sindromerik existiduten ez dala aldarrikatuko dau. Hilaren 30ean barriz berbaldia egongo da Lemoan, 18:30ean Kotxepinen: Nola hezi umeak genero rol eta estereotipoetatik at?.

Abenduan barriz, 1ean Hondarribiko alardeari buruzko Jaizkibel Konpainiaren Aurrera egin badugu dokumentala ikusi eta egun gatazkatsuari buruz egingo da berba Oihana Etxebarrietagaz Areatzan 18:30ean. Hurrengo egunean, Kafrangak andra-taldeak indarkeria matxistearen aurrean zer egin azalduko dabe Artean 18:00etan.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!