errugbia

Arratiko Zekorrek 7-43 galdu dabe Urgozo taldearen kontra

Asier Abrisketa 2021ko aza. 9a, 11:20

Zapatuan San Txismen jokatu zan zornotzar eta arratiarren arteko partidua. Arratiko Zekorren talde gazteak gatx euki eban liderren kontrako aurrez aurrekoa baina "talde moduan indartuta" urten dirala dinoe.

Euskal Liga aurrera doa eta birsortutako talde arratiarra azkena da sailkapenean. Urte pare batez Gernikakoakaz jokatu ostean, aurten lortu dabe Arratian errugbi talde propioa osotutea eta denporaldi hasikeran esan ebenez, "aurtengo helburua jokatuteko moduko taldea mantentzea da".

Ligako lehenengo partiduetan arazoak izan dabez baina astiro-astiro, badoa taldea egonkortu eta aurrera egiten. Astegoien honetan Zornotzako Urgozo Rugby Taldeagaz neurtu dira San Txismen, talde bietako zale askogaz ganera.

Zornotzarrak hasikeratik ibili ziran markagailuan aurrea hartzean eta partidu amaierara arte ez ziran Aimar Ruiz eta Unai Zuazok Zekorrentzako lortutako 7 puntuak ikusi.

Hurrengo partidua hilaren 14an jokatuko dabe, Uribealdea RKE taldearen aurka Asti Kirolguneko Zelaian, Mungian.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!