Eretxia

Orratzak talde feministeak Neska* Gazteon Baterajotzearen inguruan egindako balorazinoa

ORRATZAK 2021ko urr. 13a, 11:56

Pasau dan astegoienean, Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzea ospatu genduan Elizondon. Bertan 600 neska* gazte alkartu ginen, feminismoa helburu eta gaztetasuna erregai, gure indarrak biderkatzeko asmoagaz. Arratiako hainbat neska* gazte be han izan ginan, Orratzakeko kideok tartean.

Baterajotzea Euskal Herriko Neska* Gazteon sarea eraberritu eta indartzeko inflexino puntua izan da guretzako, burruka berean bidelagun daukaguzan Euskal Herriko txoko desbardinetako neskak* ezetu eta gure artean eztabaidatzeko. Honetarako, bizi dogun testuinguru politikoa aztertu dogu alde batetik, krisi ugarien ulerkeran sakonduz, eta bestetik, neska* gazte subjetuaren logikan sakondu dogu. Hau egiteko, berbaldiak, tailerrak eta mahai inguruak izan doguz. Mahai-inguru zentral bi egon dira, Testuinguruari erreparatuz: krisi anizkoitzaren gaineko gakoak ikuspegi feministatik eta Neska* gazteok zer? Mugimenduaren oinarriak eta aurrera begirako erronkak.

Mahai-inguru nagusien amaieran, adostasunak, desadostasunak eta bestelako ekarpen eta eztabaidak jasotzeko dinamika egin doguz talde txikietan jarrita. Bestalde, eduki zentraletatik harago, hainbat berbaldi izan dira feminismoa ikuspegi desbardinetatik aztertuteko asmoagaz, Ekofeminismoak arakatzen: zerk mugitzen dizkigu barrenak? edo Langile klasearen borrokak feminismo eta gazte ikuspegitik besteak beste. Gainera, mobilizazino eta aisialdirako hainbat espazio izan doguz.

Neska* Gazteon sarea antolakunde bat baino,  mobimentu bat dala dinogu, mobimentu ikaragarria. Irakurketa politiko orokorrak konpartiduten doguz, baita burruka moldeak be, baina egitura zurrunak baztertzen doguz momentuz, eta honek baditu onura batzuk. Adibidez, neska* gazte talde bakotxaren flexibilidade eta herrira lotzeako gaitasuna, herriaren burrukak neska* gazteen burrukak egin, eta alderantziz. Logika honetan, baina, testuinguruaren analisiak egiteko eta erronkak zehazteko, behar-beharrezkoak doguz Baterajotzea moduko eremuak, eta eremu honetan emoten diran eztabaida eta ekarpenak. Eremu honeek batzean gaitue, eta espazio honeetan egiten gara eraldaketarako motore zabala, mobimentuan dagoan lurrikara bat.

Lurrikara sortu dogu Elizondon, baina egun biak pasau eta herrietara bueltau gara. Eta, zelan ez, indarbarrituta. Anbizino gehiagogaz, Euskal Herria feminista bat lortzeako tresna eta lan barriakaz, bai barrura bai kanpora begituteko. Arratiako neska* gazteok badakigulako, gutako bakotxari, eta herriari, feminismoak egingo gaituala aske.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!