Jokalari asko San Txismetik inoz joan ez badira be, bueltan dira Arratiko Zekorrak. Gazte barriak hurbildu dira errugbi taldera sareetan egin daben kanpaineari esker eta oingoan, lortu dabe jokatzeko moduko taldea egitea. Atzen bi urteetan egon dira Gernika B-koakaz batuta, baina jente barria hurbildu dala eta, talde bi osotuko dabez aurten. Halanda be, jokalari batzuk taldez talde ibiliko dira, beharrizanak eskatzen dauanean.
"Urri bigarrenaren amaieran hasiko gara Euskal Ligako 2. mailan" dino Jon Gurtubai Arratiko Zekorrakeko kideak, baina aurretik Gernika B-ren kontra lagun arteko partidua jokatuteko asmoa be badaukie. San Txisme zelaia badabil barriro bizia hartuten, izan be, hasi dira ume eta gazteen entrenamentuak. Eguazten eta barikuetan 14 eta 12 urte azpikoak egoten dira errugbia praktikan ipinten, 18:00etatik aurrera. 10 urte azpikoak be egoten dira errugbia ikasten barikuetan, honeek be 18:00etan.