Eretxia

Umeen defensan

Bizitza Arratian taldea 2021ko ira. 28a, 10:51

Gizarte baten zaurgarrienak tratetako moduak asko esaten dau gizarte horretaz. Egoera gatxetan ezetuten ei dira personak (eta gizarteak), eta gure gizarteak covidari eta horreri aurre egiteko hartu diran neurrei emondako erantzuna (edo erantzun eza) ikusita, ezin esan gizarte solidarioa daukagunik.

Zaurgarrienak. Kolektibo asko sartzean dira zaurgarrienen artean, baina horreen artean, duda barik, zaharrak eta umeak dagoz. Zaharren kasuan, hartutako neurrien defendatzaile sutsuenak be ados egongo dira kritiko garanokaz, gauzak ez dirala ondo egin eta hurrengo baten beste modu baten egin beharko dirala. Gure ustez, personearen duintasuna eta askatasuna bermatu behar dira momentu guztietan, osasun asistentzia emonda -kasu gehiegitan ukatu egin jakiena- eta hilteko momentua ailegetan danean, maite dituanakaz inguratuta hilteko eskubidea kendu barik.

Sano krudelak izan dira neurriok zaharrakaz.

Baita umeakaz be, eta oin gabiz horren ondorioak ikusten. Oin gabiz ikusten, “guk baino hobeto daroa”, “heroi bat da” eta antzekoek fakturea pasau deutseela gure gaztetxoei. Askatasun eza, euren bizimodua guztiz apurtu behar izatea, ordurarte ikasitako guztia (konpartiduten, eta abar) ahaztu behar izatea... ez dabela hain “ondo” eroan. Eta ondo eroaten saiatu arren, kalte handiak egin deutseezala neurriok buru osasunean.

Oin, ume eta gazteen artean “Covid-19ak” eragindako “buru gaixotasunen pandemiaz” berba egiten dabiz ia egunero hedabideak. Izan be, gaztetxoenen artean, depresinoak, ansiedadea eta suizidioak ikaragarri hazi dira atzen urte t’erdi honetan. Gehienetan, Covid-19 gaixotasunak baino, hartutako neurriek eraginda. Hedabideek, totum revolutum bat egiten dabe Covid eta Covidari aurre egiteko hartutako neurriakaz, eta holan, horreen ondorio larrien erantzukizunetik libretan dabez neurriok ezarri edo-eta bete dabezanak.

Ze, zintzo izanda, agintariek, maisu-maistrek, medikuek, gurasoek... uste eben umeei ez eutseela eraginik egingo, hilabeteetan etxetik urten barik egon izanak, eskolara joan barik eta euren edadekoakaz kontakturik izan barik? Ezta familiako askogaz be, are gitxiago aitita-amamakaz? Neurriak ezarri, defendidu eta bete egin dabezanek benetan uste eben ez eutseela umeei eraginik egingo euren bizitza soziala errotik moztuteak, bakartzeak eta harremanak eukitera ezin buelteteak, hedabideek barruraino sartu deutseen bildurragaitik? Bildurrez bizi dira asko, covidagaz gaixotu ezkero, beste batzuen bizitzak arriskuan ipinten dabezala da-eta, sinistu arazo deutseena.

Benetan pentsetan eben gure osasun autoridadeek, umeei ez eutseela fakturarik pasauko sozializazino falteak eta aire falteak? Hainbat itxialdi pasauta dagoz gehienak, ez bakarrik gogoratu gura ez dogun 2020ko martitik maiatzera artekoa, gero be, inguruko baten batek positibo emon ezkero PCRan, hamar eguneko itxialdiak izan ditue askok.

Baina airea kentzeako (zentzu literal zein figuratiboan) modu bakarra ez da izan hori: pasau dan kurso osoan mosukoa jantzita egon behar izan ziran eta oingo kursoko hasikeran be holan egon behar dira eskolako ordu guztietan. Benetan pentsetan dabe horrek ez daukala eraginik umeen osasun mentalean? Ondo eroan daitekela arpegia (norberaren identidadea) estalita eukitea, besteen irribarreak ez ikustea, bildurra gogora arazoten dauan ikurra soinean izatea eskola ordu luzeetan?

Eta hori gitxi balitz, oin txertoa jartzeko presionetan dabiz. Ez eurek behar dabelako. Txertoa hartuta daukien zaharrak ez kutsatzeko baino. Hortik ez goaz ondo. Ez horixe! Horrek be ekarriko ditu ondorioak gaztetxoen osasun eta biziteko gogoan. Euren bizitzetan eta gure gizartearen etorkizunean. Inork ez dau hartuko horren erantzukizuna bere gain?

BIZITZA ARRATIA TALDEA

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!