Eukaliptoak bota eta haretxak sartu dabez ekintzaileak basoan

Asier Abrisketa 2021ko abu. 31a, 10:59
argazkia: ARGIA

Eukaliptorik ez, haritza bai! martxa egin eben Iraultza Txikien Akanpadakoak domekan. Mandoia inguruan 20 ekintzaile agertu ziran arpegia tapauta, matxete eta atxurrakaz 25 hektareako jaubetza pribadu bateko eukaliptoak bota eta haretxak sartutera. Martxako parte-hartzaileak txaloka jaso eben ekintzea, “Gure basoak defenda daiguzan!” eta “Ez ez ez eukaliptorik ez!” abestuta.

Martxaren bidean Gueñes eta Itsaso artean egiten dabizan goi tensinoaren torreak be ikusi ebezan, honeen azpian azaldu ziran eragiten dabezan kalteak eta gogoetatu zan energia ereduaren inguruan.

ARGIAk jaso dauenez, ekintzaileak goizeko 09:00etan urten ziran Usansolotik, autoakaz errepide estuetan gora, eta gero oinez mendi bideetatik. Bidean ekintzaile batzuk taldetik banantzen joan ziran, polizia agertzekotan abisau ahal izateko. Talde nagusia hesiakaz inguratutako eta eukaliptoakaz betetako eremu batera heldu zan 10:00ak aldera, mendi baten tontorrean. Hesia gainditu eta eukaliptoak botaten hasi ziran mendian behera, ilara zabala osotuta, azkorak, atxurrak edo matxeteak eskuan. Eukalipto gazteak ziran, txikienak metro erdikoak, altuenak barriz bospasei metrokoak.

“Eukaliptoz betetako jaubetza pribadu honen zugatzak eta hesiak ebagi doguz, gure basoak eta natura defendatzeko, ahalik eta kalte ekonomiko handiena eragitea helburu. Gora ekintza zuzena!”.

                 

Hiru ordutan dozenaka hektareako eremua “garbitu” eben, ehunka eukalipto ebagita eta hesia puntu ugaritatik apurtuta. Izan zan anekdotarako tarterik be. Mendizale batek arpegia tapautako ekintzaileak ikusi ebazan, eta hasikeran kargu hartu baeban be, berbetan hasi eta minutu gitxiren buruan ondo ebilzala eta jarraitzera animau ebazan.

Eukalipto basoa garbituta, martxakoak batu ziran ekintza zuzenera, eta ebagitako eukalipto enborren artean dozenaka haretx kimu landatu ebezan ospakizun giroan. Ekintzaileetako bat martxistengana zuzendu zan orduan: “Eukaliptoz betetako jaubetza pribadu honen zugatzak eta hesiak ebagi doguz, gure basoak eta natura defendatzeko, ahalik eta kalte ekonomiko handiena eragitea helburu. Gora ekintza zuzena!”. Basoan galdu ziran mozorrotutako ekintzaileak, eta martxistek bere bidea jarraitu eben.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!