"Legeak lagundu behar dau euskal komunikazino sistema propio eta burujabea babestuten"

TOKIKOM 2021ko uzt. 16a, 16:35
TOKIKOMeko lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren ordezkariakaz batera

TOKIKOMen presidenteak, Iban Arantzabalek, zero kilometroko komunikazinoaren garrantzia azpimarratu dau Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak EAEko Euskerearen Legearen 40. urteurrenaren atarian antolatutako jardunaldietan.

TOKIKOMen presidenteak, Iban Arantzabalek, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldietan parte hartu dau Bilbon, euskerea normalizatzeko EAEko legearen eragina eta baliagarritasuna aztertzeko, lege horren 40. urteurrenaren atarian. Arantzabalegaz batera, euskal politika eta gizarteko puntako personak hartu dabe parte jardunaldian, administrazino publikoen, hezkuntzearen eta hedabideen sektoreak ordezkatuten. Besteak beste, EAEko lehen lehendakariordeak, Josu Erkorekak, Hezkuntza sailburuordeak, Begoña Pedrosak, eta EiTB Mediako zuzendariak, Ibone Bengoetxeak hartu dabe berbea Iban Arantzabalegaz batera.

Legearen urteak eta hedabideenak, eskutik

Arantzabalek gogorarazo dau toki komunikabideen sektoreak eta Euskerea Normalizatzeko Legeak adin berbera daukiela, gaur egun bizirik manteniduten diran lehen toki komunikabideak be 1980ko hamarkadan sortu ziran eta, kasu gehienetan euskera elkarteen eskutik. Azpimarratu dau legeak beti doazela gizartearen behar eta ekimenen atzetik, baina euskerea normalizatzeko legearen kasuan, hedabideak legearen eta gizartearen arteko lotura-egileizan ahal dirala, legegileen eta gizartearen arteko komunikazinoa eta zubilana erraztuten.

Etorkizunera begira, Arantzabalek zero kilometroko komunikazinoan jarri dau arreta. Azpimarratu dau egunero konsumiduten dan informazinoaren zati handi bat sare sozialetako multinazionalen esku dagoan garaiotan, ezinbestekoa dala komunikazino alorrean, elikaduran, energian eta beste hainbat sektoretan modura, burujaubetzari eustea, eta komunikazino sistema propio, sendo eta dinamikoa mantenidutea. “Komunikazinoan be elikaduran modura, bertan sortu, banatu eta konsumidutakoa askoz be osasungarriagoa eta jasangarriagoa da munduko beste puntatik ekarri beharrekoa baino”.

Alarma egoerearen aurretik be, preminazko

TOKIKOMen presidenteak gogorarazo dau alarma egoeran be azpimarratu zala ‘premina biziko’ zerbitzuak zirala hedabideak, hareen artean euskerazkoak. Eta horren ostean, datuek konfirmau dabela preminazko izaera hori. Pandemiaren garairik txarrenetan, komunikabideen konsumoa, eta bereziki tokikoena, biderkatu egin da, gutako bakotxak jakin behar ebalako bere inguru hurbilean zer pasetan zan edo nora joan litekeen eta nora ez.

Arantzabalek lekuko komunikabideen konsumoaren inguruko datuak emon dauz. Interneteko datuen inguruan, toki komunikabideak dira euskerazko komunikabide ez publikoen kontsumoaren %70, eta konsumiduteko arrazoi nagusia gertuko informazinoa eskaintzea da.

EiTB eta erdarazko hedabideak

Etorkizunari begira, Iban Arantzabalek erronka bi ipini dauz mahai gainean: alde batetik, EiTB eta euskerazko beste medioen arteko lankidetza aldarrikatu dau. Hala, TOKIKOM EiTBgaz lantzean dabilen lankidetza hitzarmena aitatu dau, eta Erresuma Batuko BBC ezagunak hango lekuko komunikabideakaz daukan alkarlan hitzarmena gurera egokitzeko aukerak aztertzen dabizala. Gaineratu dau EITB, TOKIKOM eta BBC laster alkartuko dirala lan-saioa egiteko.

Bestetik, eta legearen beraren garapenari jagokonez, esan dau bere ustez badala garaia euskerea modu anekdotikoan erabilten daben eta batez be erderaz dabizan hedabideakaz zer egin” aztertzeko. Prensa elebidunaren errenak oin dala 40 urte be detektau ebezala gogorarazo dau. 

Laburbilduta, Arantzabalek ondorioztatu dau legeak lagundu eta lagunduko dauala euskerazko hedabideen garapenean, beti be hiru oinarriren bueltan garatzen bada: lankidetza, informazino eskubidea eta hiztun komunidadea erdigunean ipintea. 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!