POBREEN EGUNA

Arratiako Pobreen Eguneko hamargarren edizinoa ospatuko da

Ager Barragan

Caritasek eta eleizeak antolatutako jaialdian batzean dan dirua MYT1L sindrome arraroaren inguruan lan egiten dauan alkartearentzako izango da, kaltetuetako bat Bediakoa da.

Arratiako Caritas eta eleizearen ekimenez ospatuko da Areatzan X. Probreen Eguna bihar, zapatua, hilak 14, 18:00etatik aurrera. Lehen edizinoak Igorren egin ziran baina oin, urtero bailarako herri baten egiten da alkartasun jaialdia eta oingoan, Areatzako frontoian izango da. Txistulariak, gazte eta helduen jantzak, Ane Han mujsikari lemoaztarraren emonaldi akustikoa, antzerkia, bertsoak, txokolatea, bizkotxoak, zozketea… danerik egongo da jaian baina helburu nagusia, MYT1L Extravalientes alkartearentzako dirua batzea izango da, aitatutako zozketa eskaintza ugariagaz.

MYT1L Extravalientes alkarteak MYT1L sindromea daukien personakaz egiten dau behar. Gaixotasun arraro honek garapen neurologikoan eragiten dau eta hau sufriduten daben ehunka persona gitxi batzuk baino ez dagoz munduan; euretako bat Bedian bizi da. Alkarteak estadu mailako kaltetutakoak hartzean ditu barne eta familiei lagunduteaz gainera, gaixotasuna ikertu eta osabideak topetea bultzatuten dau. 

Zozketako sariak 
Zozketako sarien artean dagoz Arratianorako lau menu, farmaziako otzara bat, Gorbeialdeko gaztai bi, Aliprox-eko bale bat, Denda Barri-ko bale bat, bainuetxeko persona birentzako zirkuitua, Miba-Cava kooperatibearen otzara bat, lau armozu Axlorren, Areatzako eskulanetakoek opatutako umeentzako baserritar erropea, Garden lorategiko lora bat eta beste sari batzuk.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!