Oin hamabost bat urte ipini zan martxan Igitie, ekologikotik harago joateko helburuagaz: sasoiko produktuak, uraren zikloa jagotea, animalien ondoizatea, antxinako bariedade eta bertoko haziak ereitea, jakintzea gordetea, intsektu eta hegaztientzako biotopoak sortzea… Helburua ez da produktu finenak ekoiztea, hurrekoentzako ekoiztea baizik, lehenagoko sare ekonomikoak berreskuratutea.
Baserritarren egoerea baina, ez da bape erraza eta etorkizuna, oindino be ilunago ikusten dabe. Egoera honeri bueltea emoteko asmoagaz, Igitie aurrerapausuak emoteko martxan ipini da. Batetik, Arratiako baserritarrentzako laguntza zerbitzua ipini gura dabe martxan udalen laguntzeagaz eta bestetik, Arratiako elikadura mahaia sortu gura dabe udal ordezkari zein agente desbardinakaz, Errota eta Gorbeialdegaz berbarako. Baserriaren egoeraz eta etorkizuneko planen gainean berba egiteko alkartu da BEGITU, Igitieko kide diran Sonia Ingunza eta Malu Egiluz ekoizleakaz.
Lehen batzar irekian esan zenduen Igitie indartsu hasi zala baina atzenaldian “bakotxa bere trintxeran” ibili zariela. Ze beharrizan ikusi dozue barriro martxan ipinteko?
Malu: Konsziente izan behar gara Arratian ia ekoizlerik ez dagoala. Konsumiduten doguzan fruta, barazki eta bestelangoetatik, ez dogu % 1a be ez produziduko. Hau landa eremua zan, oin 60 urte, ez 200. Zer pasau da? Hori industria sartu ahala transformetan joan zala eta hortik aurrera, askok etxerako ekoizten dabe ze baserri mundutik gatoz, baina horra arte. Galdu doguna zera da, oin 60 urte konsumiduten genduanaren ekoizpena % 80koa bazan oin % 1 inguruan gabizala. Oso larri ikusten dogu baserritarren egoerea, ze ez daukagu ekoizpen handirik. Agroekologia mailan tamainua garrantzitsua da eta gure lurrek ez daukie zabalera handirik. Eredu txikiak dira eta bertan ekoizten doguzan gure produktuak saltzea ez da erraza. Alarmak aspaldian dagoz biztuta.
"Oin 60 urte konsumiduten genduanaren ekoizpena % 80koa bazan oin % 1 inguruan gabiz"
Jenteak honetatik biziteko apustua egin dau, gogoz, inbersinoak eginda eta gainera ekoizten dauan guztia erispide agroekologikoakaz eginda. Jenteak apustu hori egin dau eta ez gara kapaz hortik biziteko besteko ekonomia sortzeako. Inguruan ez da erraza gure produktua saltzea, batez be Mercabilbao jaio zanetik. Hori uri guztietan pasau da, Mercabilbao eremua irabazten joan zan supermerkadu eta dendetan. Herriko dendetan igual apur bat gehiago saldu ahal da: tomateak, barazkiak, arrautzak… Baina saltoki handietan gure produktua ez dago. Bai, sensibleak dira jenteak ekologikoa gura dauanaren inguruan, baina produktu hori mila kilometro edo urrinagotik dakarre.
Gu oso txikiak gara, administrazinoaren aldetik eta gizartearen partetik ardurarik ez badago, ikusten dogu laster desagertuko garala. Lana ekonomikoki errentagarria izan behar da-ta. Ez dogu ikusten ardurarik. Adibidez, Europatik Eusko Jaurlaritzeari esan jakon produkzinoaren % 25a ekologikoa izan behar zala. Laguntza batzuk emon ziran, ortulariei oso gitxi, eta pentsau eben horregaz jentea animauko zala… baina ez da errentagarria.

Diagnostiko horretatik abiatuta batzar batzuk egiten zabize, ekoizleakaz, konsumitzaileakaz… Ze helburu daukazue eta zer lortu da?
Sonia: Guk ahalegin guztia egiten dogu baserriak bizi eta honeek bizigarriak izateko. Lan asko egiten da, ondo egiten da, oso planifikauta egiten da baina ha-ta guzti be, ez doa aurrera. Orduan, elikadura sistemea beste era batera ikusi eta elikagaiak ekoizteko, pentsetan dogu aliaduak behar doguzala bide horretan.
Malu: Munduan gagozan baserritar guztiak bardin gagoz, natureagaz bat bizitza on bat eroateko, baina gure soldatak atera behar doguz.
Sonia: Aliadu horreek, krimenetan esaten dan moduan “complices necesarios”, oso argi dago nortzuk diran. Konsumitzaileak eta estamentu publikoak dira; udalak, mankomunidadea, Errota, Gorbeialde… Oin dala bost bat urte egin zan DUINA ikerketea -BIOLURek egindako baratze ekologikoen bideragarritasun eta ekoizpen-kostuak aztertzeko ikerketea- eta guk sentiduten genduan barazkigintzan ekoizten genduzanak oso diru sarrera eskasak ekarten ebezala eta ezin genduzala prezioak igon.
Ikerketan klabe batzuk urten ziran. Batetik Euskal Herrian ekoiztea garestia dala, eta lan kargea itzelezkoa dala. Normalean azalera txikiko baratzeak daukaguz eta horrek suposatuten dauana da, nekazaritzea sustatzeko Europatik datozan dirulaguntzak gure eskuetan oso urriak, txanpon batzuk, dirala. Hektareen arabera emoten dira laguntzak, eta laguntzak lur asko dabezanentzako dira. Ikusten genduan proiektu asko hasten zirala baina oso zaurgarriak ziranez, jausi egiten zirala. Horreri bueltea emoteko beste eskualde batzutan, adibidez Gipuzkoan, sortu ziran elikadura mahaiak udalerrietan, hausnarketak… Horreek dira guk egin behar doguzan aurrerapausuak.
"Baserritar guztiak bardin gagoz, natureagaz bat bizitza on bat eroateko, baina gure soldatak atera behar doguz"
Baserritarrentzako laguntza zerbitzuak be badagoz. Arratian ze zerbitzuren beharra dago?
Sonia: Hasteko baratzezainakaz, etorkizunera begira abeltzainakaz be egin daiteke, ikusten dogu behar dogula persona bat txandaka nekazariak lagunduten. Bergaran hasi ziran persona bategaz, dozena erdi baserritarreri laguntzeko. Persona hori langile publikoa da, bertako landa garapen agentzian kokatuta dagoana, hemen Gorbeialde litekeana. Kontratazinoa egiten da laguntzea eskaintzeko, eskulaguntza fisikoa. Teknikoki jakin behar da zelan egin eta lanak zeintzuk diran, baina koordinazino kontua be bada. Baserri agroekologikoentzako egiten dogu berba, baina izan daiteke be bai baserritar bat ekologikora hurbildu gura bada, prozesu horretan lagunduko deutsan personea.
Gu gaixo bagagoz edo medikura joan behar bagara be, ordezkapenak egiteko personea izan daiteke. Ikusi doguna da lau-bost urte daroazala Bergara aldean eta… hemen zergaitik ez? Antzekotasun asko dagoz eskualdeko ezaugarrietan. Ortulaguntza hau atzenean lan kargea gitxituteko da baina ez hori bakarrik. Berbaldietako batera etorri zan andra bat eta berak inoan: “Ni hasi nintzan baserrietan lagunduten baina gero, gauza asko gehiago egiten dodaz… Egiten dan ekoizpenaren argazkia daukat, informazino horregaz ebaluazinoak eta planak egin ahal dodaz eta horregaz landa garapen agentzia laguntzen dot”. Persona hori ortuetan bakarrik ez, fisikoki be egon beharko zan bulego horretan sartuta; hori da guk gura dogun figurea. Hemen oso erraza da, bederatzi udalerri dira eta diru gitxigaz gauza handiak egin daitekez. Abiapuntu bat da.
Malu: Hau ez da gugaitik -ekoizleakaitik- bakarrik. Herrialde batek zer jan ez badauka… Pandemian ikusi zan kanpoko produktuak ekarri ezin ez eta bertakoak erraz saltzean zirala. Zer jan ez badaukagu, herri moduan galduta gagoz. Mundu mailan gagozan egoera honetan (gerrak, petroleoaren garestitzea…) jatea oso garestia izaten dabil. Atzenean elikadurea da oinarrizkoena eta gure jakintzea, gure haziak eta guztia galtzeak menpekotasun handia ekarriko deusku. Krisiak gero-ta arinago datoz eta zer jan ez badago… ezin dogu aurrera segidu ze jan, egunero jan behar da.
Zerbitzua martxan ipinteko udalakaz batzartuko zarie? Zer eskatuko da?
Sonia: Bai, batzartuten hasi gura gara eta hau momentu aproposa da ze aurrekontuak prestatzen dabiz; udal bakotxari aurkeztu gura deutsagu, Gorbeialden eta Errotan be. Ia zelan ikusten daben eta zelango formea emon ahal deutsagun proiektuari. Atzenean hau proiektu pilotu bat da, probau, akatsak egin eta udal eta eragileakaz zehaztu beharko dogu atzen proiektua.
Malu: Guk prozesu bat zabalduten dogu, eta ez da epe laburrera be ez. Helburua aurrera begiratutea da eta baserria eta baserritarrak hemen manteniduteko urtekera bat topetea.
Sonia: Beste helburu bat gazteak erakartea da, eta horretarako proiektuak bizigarriak izan behar dira. Esaterako, guri asko gustetan jaku hau eta ez doguz orduak neurtzean, baina gazteriak bai. Ez dabe gurako egunero hamalau orduz lanean ibiltea, beraz beste era batzuk eta kudeaketa batzuk topau behar dira.

Elikadura mahaia be badago mahaigainean. Zelan imaginetan dozue hau?
Sonia: Elikadura mahaia ez da gure asmakuntzea. Badagoz udalerri eta mankomunidade batzutan. Helburua da inplikau ahal diran agenteak mahaian batzea.
Malu: Errota jaio zanean egin zan prozesu bat, Sakanatik etorri ziran kontetan zelan hasi zan mahai ha. Pandemiako krisialdiak ekarri eban dana hankaz gora paretea eta eurentzako oso garrantzitsua izan zan lehenengo sektorea. Ikusten dogu lehen sektorearen mahai bat egon behar dala, gure sektorea garatuteko aukerea be izateko.
"Ez da gugaitik bakarrik, danon osasuna be bada"
Mahai horrek proiektuak bideratu eta kudeatuko leukez eta guk imaginau doguz batzuk. Berbarako eskoletara hurreratu eta gure ekoizpenaren parte bat eroatea. Askotan era sinboliko baten be izan daiteke, armozuak egin eta umeek gure produktuak ezetutea: frutak, zukuak… Garrantzitsua bada-ta eurek ikustea janaria bertan daukagula ze askok eta askok ez daukie hori barneratuta.
Sonia: Intenzinoa da dagoan ekoizpena mantenidu eta handitutea. Horretarako bidelagunak topatu behar doguz. Elikadura mahaian nik uste dot egon beharko ginala agente desbardinak, lehen sektoreari begira danetarikoak. Batez be persona adituak, istorio hau aurrera eroateko ganorea daukienak, eta ordezkari publikoak. Ze kontua da lehen sektoreak ez daukala errepresentazinorik udaletan. Bardintasun zinegotzi edo teknikariarena berbarako barria da, atzen urteetakoa, baina modu bardinean ikusten dogu udal eta zinegotziek ez daukiela honen inguruko ardura ez jakintzarik. Horregaitik dinogu elikadura mahaia behar dala eta udal ordezkariak bertan egotea.
Malu: Bailarako sektore desbardinak sensibilizau behar doguz, industria be bai. Bergaratik adibide hori jatorku, hango kooperatibak hasi dira langileentzako jantokietan bertoko produktuak sartzean. Apurka-apurka egiteko gauzak dira, bai eta eskoletan, adinekoen egoitzetan… Ehuneko ehunean ezin izango da, baina sektore horreek gu kontuan izatea da asmoa, hau da, sensibilizetea. Ez da gugaitik bakarrik, danon osasuna be bada.
Plan handiak daukazuez esku artean, Igitie ekoizle gehiagorengana hurreratu beharko da?
Sonia: Eskualdeko ekoizle guztiek daukie lekua eta ondoetorriak izango dira, ezinbestekoak dira-ta. Jentea behar da idea lantzeako baina gero, martxan dagoan zeozertara batzea errazagoa da. Elikadura mahaia sortzea lortuko bageunke ziur jente gehiago etorriko zala. Gure sektorean jenteak ez dauka denpora askorik, bileretan inbertiduteko denporarik. Orduan apurka joan behar gara jentearengana, hau interesgarria dala esanaz eta…
Malu: Eta holan hasi gara. Igitiekoez gainera, bailaran dagozan beste ekoizle batzuengana hurreratu gara zertan gabizan kontetan eta euren interesen gainean galdetuten. Ondo hartu gaitue ze atzenean, arazoa danok daukagu. Gauza honeetaz berba egiteak ekarriko dau etorkizunean zeozer. Urte batzuk bai egon garala bajutxoago, gurean ekiten baina agian, komunikazino mailan eta eskasago… eta ardura hori ez dogu azaleratu. Apurka-apurka hor topau behar gara eta danon artean eregi elikadurea, herriok elikadura subirautzea behar dogu-ta.
Sonia: Agian ekoizteko modua be aldatu behar da. Ze produktuak nori saltzean jakozanaren arabera, ekoizpena desbardina da, abeltzaintzan zein ortugintzan. Esan gura dot, transformazino prozesu bat.
Malu: Eta hori arlo guztietan. Ze aldaketa klimatikoak be ekarri deuskuz ikasteko beste era batzuk. Bero honeek ez dira inguru honeetakoak eta beste formula batzuk topau behar doguz, zer eta zelan ekoiztu, nahiz eta gura doguna garaikoa eta bertokoa izan.

Elikadura mahaia eta laguntza zerbitzuak zuontzako onuragarriak dira. Herritarrentzako ze onura ekarriko leukiez?
Sonia: Ba argi dago. Bertako barazkiak erosteko aukera gehiago egongo da, egiten ez bada desagertu egingo dira, ez dira egongo. Hori da kontua… gu SOS egoeran gagoz. Lehenengo pausua ortugintzeari begira da baina gero abeltzainei begira be ipini beharko gara.
Malu: Atzenean, gure izakerea berreskuratutea be bada, guk hemen beti jan doguna eukitea eta baserriak bizirik irautea ze bestela, baserria desagertuko da. Epe laburrean, 60 urtean, ba begiratu, geratu gara eskuakaz kontetako beste baserri. Osasuna be bada… Uste dot gizartea horretara sensibilizauta badagoala, ia euren umeek zer jango daben etxean zein eskoletan. Interes horrek ekarriko deusku horren inguruan hausnarketa bat egitea eta gu oso prest gagoz horregaz ekiteko.
Sonia: Ametsetan gagoz… baina egingarria da. Adibidez, merkaduak desagertu ziran eta nik nekazaritzan daroadazan hogei urteetan, hasikeran gure burrukea zan azokak existidutea eta atzenean instituzinoek hartu dabe erreleboa eta sustatzen dabez merkaduak. Merkadu-jaiak dira gehiago, ez dira lehenagoko asteroko merkaduak, baina egiten dira. Horregaz lotuta, abeltzainek daukien arazo larriena da hiltegi faltea. Lehen herri bakotxean egoan hiltegia eta oin Gipuzkoaraino joan behar dira.
"Ametsetan gagoz… baina egingarria da"
Badago Bizkaian hiltegi publiko bat zabalduteko asmoa ezta?
Malu: Bai bagabiz horretan, baina urteetako kontua da… Asmoa da hiltegia bakarrik ez izatea, transformazinoa be bertan egin ahal izatea. Horretan dabiz eta esperantzea badago, epe laburrean aurrera aterateko.
Gero zabaldu dira beste hiltegi batzuk, Urduñan berbarako. Eredu txikerrean eta ez ganaduarentzako bakarrik, txarri eta hegaztiantzako be. Nik oin Urduñara daroadaz txarriak. Hori da behar doguna ze askotan ezin dogu ekoiztu, txarri bat hil behar dadozu urteetan eta urteetan aukera bakarra Gipuzkoara eroatea zalako. Gipuzkoara eroatea… ordu eta erdiko bidaia luze bategaz txarriak gaixotu egiten dira. Atzenean ekoiztu eta ganadua hazi ahal dogu baina zerbitzu horreek hurrean behar doguz. Atzenean dibersifikazinoa be egingarriagoa da holan.
Hau irakurten dauanak, zelan lagundu leike prozesu honetan?
Malu: Ba bakarrik ez gara inora helduko, orduan danon lana da ekoizten jarraitutea, jakintza mantenidutea… Jenteak Arratian badaukaz ortuak eta bere erara egiten dau, baina danok batera eregi behar dogu bailararako elikadurea.