Maider Larrañaga, Josema Azpeitia, Aitor Buendia eta Iñaki Aierbe epaimahaikideek 96 tomate desbardin probau eta balorau behar izan ebezan. Horreen guztien artean, Arratiako zekorra aukeratu eben onena. Tomateak lau laguneko taldeak aurkeztu ebazan: Aitor Uriguenek, Oscar Luquek, Barbara Alonsok eta Jagoba Astondoak. Sarian Astondoa eta Alonso baino agertu ez arren, irabazitako saria laurena dala azaldu dabe.
Hirugarren urtea izan dabe txapelketan parte hartzean eta, saritutako tomateaz gainera, Maritxu tomatea eta Aretxabaletako bariedadea be eroan ebezan lehiaketara. Astondoak Goienari azaldutakoaren arabera, ez eben espero lehenengo saria irabaztea. Arratiako zekorra tomate txikia dala adierazo eban, baina ahora sartzean “sekulako leherketea” eragiten dauala. Era berean, epaimahaikideak zoriondu gura izan ebazan, aurkeztutako 96 tomateen artean bakarra aukeratzea oso gatxa dala nabarmenduta.
Bigarren saria Juan Pedro Santosen Zaragozako tomateak jaso eban; eta hirugarrena, haren Aretxabaletako tomateak. Aretxabaletako produkturik onena Jose Antonio Gardokik aurkeztutakoa izan zan.
Tomatearen erakusketea, bertako produktuen azokea eta hazien eta sukaldaritza tailerra be egin ebezan egunean zehar. Gainera, Aretxabaletako eta Mendigorriko tomate bariedadeak babestu, sustatu eta galdu ez daitezan, senidetza hitzarmena sinatu eben herri bietako udalek.