ekitaldia

Bolibar eraikinaren mendeurreneko ekitaldia ospatuko da zapatuan

Asier Abrisketa 2026ko apirilaren 17a

100 urteak ospatuteko, alkatearen ondoetorria eta Joserra Ipiñazarren Bolibarren gaineko aurkezpena, lora eskaintzea, Agurra eta Nerea Zuloagaren kantaldia egingo dira eguerdian.

Gaur goizean zehar Areatzako udaletxeko pleno aretoan egin dan Bolibar Fundazinoaren gaineko erakusketearen ostean bihar, hilak 18, egingo da Bolibar eraikinaren 100. urteurreneko ospakizun nagusia. Ekitalditxoa 12:00etan hasiko da alkatearen ondoetorriagaz. Gero, Joserra Ipiñazarrek Bolibar eraikinaren 100. urteurrena: Herriaren zerbitzura dagoan ondarea aurkezpena gidatuko dau. Amaiatuteko, lora eskaintzea eta Agurra egingo da, Nerea Zuloagak kantauko dauan abestiagaz ekitaldia zarratu aurretik. Ostean, kopaua egongo da bertaratutakoentzako.

Historia laburra

Areatzako maiorazgo handien jaube familiakoa, Bartolome Bolibar Añibarro 1844an jaio zan Areatzan. Madrilen ikasi eban Zuzenbide Zibila eta Kanonikoa, eta ondoren herriko bizitza politikoan parte hartu eban. III. gerra karlistan zinegotzi izan zan, eta gerra amaitu ostean, 1876an, alkateorde izentau eban gobernadoreak.

Liberalakaz hartu-emonak estututa, 1881ean diputadu probintzial aukeratu eben, eta 1885ean kolera izurritearen kontrako burrukan Arratiako barrutirako ordezkari izentau eben. 1886an Bizkaiko Foru Aldundiko diputadu izan zan, Pablo Alzolaren presidentealdian, eta sasoi horretan sinatu zan kontzertu ekonomikoaren barriztatzea, Bizkaiko azpiegituren garapena bultzatuz. Kargu publikoetan ibilita be, Areatzagaz hartuemona mantenidu eban, Udalari maileguak egin, aholkulari lanetan zein 1897ko Areatzako Lore Joko-Fiestas Euscarasen antolakuntzan, berbarako.

1923an hil zan, maiorazgoaren atzen jaubea izanik. Hil aurretik, bere ondasun guztiak emon ebazan, 1,2 milioi pezeta inguru (gaurko ia 3 milioi euro eta erdi). Diru hori Areatza eta Zeanuriko pobreentzako eta parrokietara bideratu zan, baita Bolibar eta Añibarro senideentzat be. Gainerakoa Asilo de Bolibar Fundazioa sortzeko erabili zan.

Bolibar eraikina 1926an inaugurau zan, eta ordutik hainbat funtzino izan ditu. Hasikeran eskoela eta egoitza izan zan 1971ra arte; geroago, 2008ra arte, Bolibar egoitza moduan erabili zan, Caja de Ahorros Vizcainaren eskutik. Gaur egun, barriro, herriko eskolea da.

 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!