75 urte honeek ospatzeko grabautako diskoari Agate Deuna eta aldaerak izenburua ipintea ebatzi dabe, “Agate Deuna bezperako oihartzunek gure artean jarraitzen dabelako baina urtero aldaera barriak onartuz, kopletan, harmonizazinoetan, koruko kideetan, bakarlarietan, beti bariazinoak gehituz, kantuak aberasteko helburuagaz” adierazo deutso BEGITUri Garazi Navas koruko zuzendariak.
Diskoak 17 pieza batzean ditu. Horreetatik zortzi Agate Deunaren tradizinoagaz lotutako bertso eta doinuak dira, eta beste batek proposamen instrumental bat egiten dau, betiko melodia eta erritmoak askatasunez garatuz. Gainerakoak Arratiako Koruak urteetan zehar abestu izan dituan erlijino kantuak dira, batzuk aspaldidanik taldearen errepertorioan egon diranak eta beste batzuk atzen urteotan sartu dituenak.
Izan be, Navasek azaldu dauan moduan, diskoaren helburua tradizinoari eustea eta belaunaldi barriei transmititzea da: “Arratiako, inguruko eta urrunagoko bizilagun askoren parte-hartzeagaz adar luzez osotutako sare harmoniatsu bat sortuaz, oin zuei soinuzko auzolan eder hau eskaintzeko. Etxez etxe, makil joka gure oihartzunak jasoko dozuezalakoan”.