Suitzatik etorriko dan Basement Saints taldeak rock klasikoa eta southern-rocka buztartzen ditu; Bigblack Rhino kataluniarrak, barriz, stoner eta hard-rock proposamen astuna dakar. Blues-rockaren aldetik, Hollow Souls eta These Wicked Rivers britainiarrak izango dira, eta AEBetako Beaux Gris Gris and The Apocalypse taldeak blues sakona eta swamp-rock giroak ekarriko ditu. Bestalde, Kris Barras musikari britainiarrak formatu akustikoan jardungo dau, eta The Bateleurs talde portugaldarrak bluesa, folka eta rock alternatiboa nahastuko ditu.
Jaialdiak gune nagusi bi izango ditu: Gudarien Plazan egongo da eszenaleku nagusia, arrasti eta gaueko kontzertuakaz eta karpa handiagaz; Kallartean gunean, barriz, zapatu goiz eta eguerdiko emonaldiak egingo dira, jatekoa eta azokatxo berezi bategaz batera, giro lasaiago eta familiarrean. Holan, musikea, garagardao artisaua eta gastronomia buztartuko ditu barriro Areatza Musik & Beer jaialdiak, eta kartela laster osotuko dala iragarri dabe antolatzaileek; ondorioz, maiatzaren amaierea data gorriz markatzeko modukoa izango da beste behin.