24. KORRIKA

Korrika Batzordea Areatzan

Erredakzinoa 2026ko otsailaren 2a

Korrika 24 Arratia eta Ubidetik pasauko da martiaren 27an, eta Areatzan prestaketak martxan ipinteko lehenengo deialdia egin dau AEK-k. Herri mailako antolakuntzea indartzeko asmoz, Korrika batzordetik batzartzera deitu dabe hilaren 5erako, eguena, 19:00etan, udaletxean.

Topaketea herritarren eta alkarteen parte-hartzea sustatzeko bideratuta dago, eta bertan Korrikaren harrerea, egingo diran ekintzak eta laguntzaileen koordinazinoa izango dira aztergai nagusiak.

Aurten, euskerearen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik (Zuberoa) abiatuko da martiaren 19an, eta hamar egun geroago amaituko da Bilbon, 2.175 kilometroko ibilbidea osotu ostean. Guztira, 3.436 lekuko-hartze aurreikusi dira edizino honetan.

Eskualdeari jagokonez, Korrika bariku goizez sartuko da Arratian, Bediatik hasita eta Zeanuriraino helduta; handik Ubidera joango da, eta Murgiarantzako bidea hartuko dau.

Antolatzaileek eskualde osoko herritarrei, alkarteei eta taldeei dei egin deutsie batzordeetan parte hartzeko, Korrika gurean ahalik eta bizi, jentetsu eta ikusgarrien izateko helburuagaz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!