Areatza Musik & Beer nazinoarteko musika eta garagardaoaren jaialdia bederatzigarren edizinora helduko da aurten, eta antolakuntzeak aurreratu dauanez, maiatzaren 29an eta 30ean, bariku-zapatuan, ospatuko da. Musika zaleentzako hitzordu finkatua bihurtuta, jaialdiak laster emongo dauz jakitera aurtengo kartela osotuko daben taldeetako batzuk, eta barriro be kalidadezko proposamenak batuko dirala ziurtatu dabe antolakuntzatik.
Musikeaz gainera, garagardaoak be betiko garrantzia izango dau, jaialdiaren oinarrietako bat izanik. 2024an lehenengoz Basque Beer alkarteak parte hartu eban oin dala urte bira arte babesle nagusietakoa izan zan Basqueland Brewing-egaz batera eta Euskal Herriko garagardao artisaua dastatzeko aukerea izango da. Horrezaz gainera, txoko gastronomikoa be egongo da Kallartean gunean, foodtruck eta postu ugarigaz.
Bestalde, BEGITUk jakin ahal izan dau garagardao eta janari buztarketea egingo dala aurten barriro. Igaz Garena jatetxean estreinau zan ekimena arrakastatsua izan zan, eta aurten be egingo da maiatzaren 28an, saboreak eta esperientziak buztartzeko asmoz.
Jaialdiak gune nagusi bi izango ditu. Gudarien Plazan egongo da eszenaleku nagusia, eta bertan ospatuko dira arrastietako kontzertuak; gainera, karpa handia ipiniko da plazan. Kallartean gunean, barriz, zapatu goizeko eta eguerdiko kontzertuak izango dira, jatekoa eta azokatxo berezi bategaz batera, giro lasaiago eta familiarra eskainiz.
Holan, Areatza Musik & Beer jaialdiak musikea, garagardao artisaua eta gastronomia batuko ditu beste behin, herria girotuz eta bisitari zein herritarrentzako plan erakargarria eskainiz. Kartelaren lehenengo izenak iragarteko zain, maiatzaren amaiereak badauka daborduko data gorriz marketako moduko hitzordua.