Areatzako Laminetxe Gaztetxean hil hasieran emon eben oingo kursoan egingo diran ekintzak gorpuztuko dauzan ekimenaren barri: Erdibidean. Aurreko kursoko ebaluaketea egin ostean, gazteek ebatzi eben “gaztetxea herrira eta herria gaztetxera” hurreratzeko dinamika bat martxan ipintea. Holan, herriko eragileakaz alkarlanean, hainbat ekintza antolatuko dabez. Ziklo bi eukiko dauz dinamikeak bata udagoienean da, eta bestea, zezeil-martian.
Lehenengo ekintza zikloa hileon eta zemendian egingo da eta lau ekintza antolatu dira. Pasau dan zapatuan Areatzako Harrera Etxeko Zulay Gilegaz egindako berbardiaren ostean, bigarren ekintzea urri bigarrenaren 26an, domekea, egingo da 18:00etan. Euskal jantzen inguruko tailerra izango da Dantza herrikoiak, batera dantza iten ikasten! saioa. Bertan, Olatz Agirremota billaroztar jantzariak euskal jantzen oinarrizko pausuak egiten erakutsiko dau.
Erdibidean ekimenagaz jarraituz, zemendian beste ekintza bi egongo dira. Hilaren 8an, 12:30ean, gaztetxetik urtenda herritik poteoa egingo dabe gaztetxekoek, historialari batek herriko historia azaltzen deutsen bitartean. Zemendiaren 22an barriz, Arratiako Mugimendu Feministako kideak hurreratuko dira gaztetxera 18:00etan, euren burrukearen barri emoteko.