jaiak

Zapatuan ospatuko da Areatzako Euskal Jaia

Asier Abrisketa 2025ko urr. 8a, 12:05

Azokeaz gainera Areatzako Bandearen, Bizkaiko Gaiteroen eta AIKOPEKOren kaleko musikea, herri bazkaria eta Zutik taldearen erromeria egongo dira.

Urri bigarrenaren 11n, zapatua, Areatzako Euskal Jaia ospatuko da egun osoan zehar. Goiz osoan zehar Nekazaritza eta Artisautza Azokea egongo da inguruko baserrietako produktuak zein artisauen lanak ikusi zein erosteko. Antolatzaileek egun osoan zehar euskal jantzi tradizionalakaz urtetako deia egin dabe.

Azokeak iraun bitartean, Areatzako Bandea eta Bizkaiko Gaiteroak egongo dira herria girotuten. Eguerdian ostea, bazkaria egingo da eta honetarako txartelak Bainuetxean, Batzokia, Bixer, Eguzki, Hagina eta Ixua tabernetan ldagoz salgai, 22 euroko prezioan. Arrastiz, AIKOPEKOgaz kantaldia egingo dabe billaroztarrek eta gero, iluntzean berakatz-zopeak emondako indarrakaz, jantzan ipiniko dau jentea Zutik erromeria taldeak. Antolatzaileek euskal jantzi tradizionalakaz urtetako deia egin dabe.

Egitaraua

Urri bigarrenak 11, zapatua

  • 10:00etan, Nekazaritza eta Artisautza Azokea.
  • 12:00etan, Areatzako Bandagaz kantuan eta jantzan.
  • 13:00etan, Bizkaiko Gaiteroak.
  • 15:00etan, bazkaria.
  • 16:30ean, AIKOPEKOgaz kantaldia.
  • 20:30ean, berakatz-zopa.
  • 22:00etan, erromeria Zutik taldeagaz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!