Urri lehenengoaren 13an, zapatua, Areatzak Gorbeiako Altxorrak turismo ekitaldiaren bosgarren edizinoa hartuko dau. Gorbeialde Landa Garapen Alkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen turismo bulegoen laguntzeagaz antolatuta dagoan jardunaldi honek "eskualdeko baliabideak sustatzea" eta "Euskadiko turismo-fluxua erakartea" daukaz helburu moduan. Holan, bertoko gastronomia, naturea eta kulturea izango dira jardunaldiko oinarriak.
Egun osorako plana izango da zapatukoa. Izan be, goizean zehar bisita gidatuak eta dastaketak egingo dira. Honeetan parte hartzeako, ezinbestekoa da aldez aurretik gorbeiaeuskadi.com webgunean izena emotea. Bisita gidatuak bi izango dira. Batetik, parke naturalean barrena egingo da 10 kilometroko ibilaldia, Larrederretik hasita, inguruko basoak dituan balio handiko elementu etnografiko eta arkeologikoak ezetuteko. Beranduago barriz, bisita gidatua Areatzan bertan egingo da; uribilduko historia eta eraikinak ezetuteko helburuagaz. Gainera, plazan dastaketa bitan parte hartzeako aukerea egongo da, Urigoitiko txorizoak eta Gorbeia inguruko txakolinak probetako.
Eguerdian barriz, Jazz Kollective Quartet musika taldeak kontzertua eskainiko dau, bertan, jazz-aren doinu klasikoak erritmo eta soinu barriakaz aberastuko ditue. Beranduago, Korrontzi taldeak zuzeneko ikuskizuna eskainiko dau. Jantzak, euskal musika folklorikoa eta herri kirolak buztartuten dauzan Izan bagara ikuskizuna ikusteko aukerea egongo da, doban.
Egitaraua
- 09:00etatik 12:30era, mendi ibilaldi gidatua: Basoko altxorrak Gorbeiako atarian (izen-emotea 5€).
- 11:30etik 13:30era, bisita gidatua: Areatzako hiribildua ezagutzen (izen-emotea 5€).
- 12:30ean eta 14:00etan, Urigoitiko txorizoen dastaketea (izen-emotea 3€).
- 13:00etan eta 13:30ean, txakolin dastaketea (izen-emotea 3€).
- 13:00etatik 15:00etara, musikea zuzenean: Jazz Kollective Quartet.
- 19:00etan, Korrontzi taldearen Izan bagara ikuskizuna (jantzak, musika folklorikoa eta herri kirolak).
- 20:30ean, amaiera ekitaldia.