Bihar egingo da Emakumea eta Lurraldea Zikloko atzen saioa

Asier Abrisketa 2025ko uzt. 16a, 10:30

Areatzako bainuetxe alboko landan Ganso & Cia konpainiaren Welcome & Sorry antzezlana eta Maria Ruizen kontzertua egongo dira iluntzean.

Areatzan hileon egiten ari diran ekintzak Areatza Udan egitarauaren parte dira eta euren artean, pasau dan astean hasi zan eta oingo astean amaituko dan Emakumea eta Lurraldea Zikloa dago. Pasau dan eguenean antzerki bat eta kontzertu bat egin ziran moduan, oingo eguenean, hilak 17, beste saio bikotx bat egingo da. Bainuetxe alboko landan egingo dira jarduera biak 20:00etatik aurrera. Etxetik eroandako afariagaz, aire zabalean antzerki eta musikeagaz gozatuteko aukera paregabea da saioa.

Oholtzara igoten lehenak, 20:00etan, Ganso & Cia konpainiakoak izango dira eta Welcome & Sorry kaleko ikuskizuna taularatuko da bertaratutakoentzako. Antzezlan hau klasiko handien clown estiloko parodia bat da eta antzerki zale bik Hamlet taularatuteko ahalegina egingo dabe, lan eta paper guztiak euren kabuz hartuta: "William Shakespearek burua altxatuko baleu… agian ez litzateke harro egongo, baina behintzat barre egingo leuke” sinopsiaren arabera.

Hau amaituta, 22:00etan Maria Ruiz kantautoreak gitarrea hartuta eskainiko dau kontzertua. Ruiz Alacant-ekoa da eta hamar urte daroaz musikan. Hamarkadea ospatuteko, 10 años de canciones girea egiten dabil eta geldialdia egingo dau Areatzako bainuetxeko landan. Urteotan hiru disko eta ehunka kontzertu egin ditu eta oingo giran, urteotako abesti maitatuenak ekarriko dauz gogora: "10 urte honeetan zoriontsu egin gaituen abesti guztiak barriro alkarregaz kantetako, alkar ikusiko dogu” dino artisteak bere webgunean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!