antzerkia

Bihar hasiko da Areatzako 'Emakumea eta Lurraldea Zikloa'

Asier Abrisketa 2025ko uzt. 9a, 11:37

Itziar Yagüek aire zabalean kantauko dau bihar gauean.

Bihar La Pez konpainiaren Plaza antzezlana eta Itziar Yagüe-ren kontzertua egongo dira ikusgai bainuetxe ondoko landan. Datorren egunean izango da bigarren saioa.

Areatzan garagarrilean egingo diran ekintzak Areatza Udan egitarauaren parte dira eta bihar, hilak 10, zein datorren egunean, hilak 17, Emakumea eta Lurraldea Zikloaren parte diran saioak egingo dira. Iluntzean, 20:00etatik aurrera, egingo dira saio biak bainuetxe alboko landan eta ekimenak, etxetik eroandako afariagaz, aire zabalean antzerki eta musikeagaz gozatuteko aukerea emoten dau.

Biharko saioan, La Pez konpainiak Plaza antzezlana taularatuko dau lehenengo, 20:00etan. Obrak Leioako Umore Azokan 2024ko ikuskizun onenari saria jaso eban. Berba-moduen fusino, publikoagazko hurrentasuna eta inprobisazinoa eskaintzen dau. “Nire amamak ezkutuan idatzi eta harriak altxatzen zituan. Gure amamen zauriak harrizkoak eta burdinazkoak dira. Eta oin neu urteten naz Plazara sendatzen saiatzera” esan eban Karmele Gisasola harrijasotzaileak. Plaza antzezlanean, gizon batek kontrabajua joten dau eta andra batek pago enborrak moztu eta harri ikaragarriak altxatzen ditu.

Kontzertua barriz, 22:00etan hasiko da eta hainbat estilotako musikea egiten dauan Itziar Yaguek eskainiko dau. Madrileko hainbat bandaren buru izan ostean, 2020an, doinu afroamerikarrez osotutako Delicious argitarau eban konpositore moduan bere lehenengo lana. Disko honengaitik Enlace Funk aldizkariaren abeslari onenari saria jaso eban. 2023an, bigarren diskoa atera eban Girl Like Me izenekoa, soul gehiago, country gehiago eta r&b gehiago daukana. Iaz Donostiako Jazzaldian egon zan eta aurten Bessi Smith-en omenezko biniloa kaleratu dau.

Bigarren saioa

Emakumea eta Lurraldea Zikloaren bigarren eta atzen saioa hilaren 17an egingo da. Bertan be, antzerki bat eta kontzertu bat egingo dira bainuetxe alboko landan. Ganso & Cia konpainiak Welcome & Sorry antzezlana taularatuko dau lehenengo eta gero, Maria Ruiz kantautoreak eskainiko dau kontzertua.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!