azokea

Zapatuan egingo da Areatzako negu sasoiko merkadua

Asier Abrisketa 2025ko mar. 14a, 12:15

10:30etik 14:30era, inguruko ekoizleen produktuen zortzi postu eta artisauen beste hamar postu egongo dira plazan; eguraldiak lagunduten ez badau, eskolako aterpean.

Martiaren 15ean, zapatua, egingo da Areatzako negu sasoiko azokea. Inguruko baserrietar, ekoizleak zein artisauak batuko ditu merkaduak. Plazan egongo dira postuak (eguraldia txarra bada, eskolako aterpean) eta 10:30etik 14:30era egongo dira zabalik. Gorbeialde Landa Garapena alkarteak antolatutako azoketan ohikoa danez, egindako erosketa bakotxagaz tokiko produktu-loteen zozketan parte hartzeako zenbakiak emongo jakiez erosleei.

Azokan mota guztietako produktuak topau ahalko dira. Ekoizleei jagokienez, Lorena Costasen ahuntz gaztaiak, Aitor Egileorren eztia, Ana Añibarroren euskal pastel eta ogiak, La Txika de la Cervezaren garagardaoak, Lusuriren gaztaiak, Agerriaren pateak, La Gilda del Norteren gildak eta Elortatxuko Goxoak-en ogi, pastel, gaileta eta madalenak egongo dira.

Artisauak barriz, hamar postutan egongo dira. Berrizturen artisau lanak, Torontileren erropak, Kanpol Art Areatzako eskulanak, Platinelaren bitxiak, Saioa Larrearen zeramika lanak, Gorakaten poltsa eta motxilak, La Marieta Tearen bedarrak, Estibaliz Yugeroren bitxiak, Laura Rojasen umeentzako erropak eta Bitxik Kool-en bitxiak egongo dira.

Horrezaz gainera, Ikastolen Elkartearen Ibilaldirako postua eta Guggenheim Urdaibai STOP plataformako postuak be egongo dira azokan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!