ikuskizuna

Saturrarango kartzelan preso egondako andren omenezko ikuskizuna Areatzan

Asier Abrisketa 2024ko aza. 29a, 12:20

Zapatuan taularatuko dabe Mikel Etxaburuk eta Nerea Zuloagak Manttalingo alaba ikuskizun poetiko-musikala Areatzako komentuan, 19:30ean.

Zemendiaren 30ean, zapatua, Areatzako komentuan Manttalingo alaba ikuskizuna taularatuko da 19:30ean. Mikel Etxaburu poeta ondarrutarraren izen bereko poema liburuan dago oinarrituta ikuskizuna. 2023an, Ernestina de Champourcin Poesia Saria irabazi eban Saturrarango kartzelan gerraostean, 1938 eta 1944 bitartean, preso egon ziran 4.000 andren inguruan berba egiten dauan poema liburuak.

Ikuskizunean poemak errezitau eta kantau egiten dira eta berbek, abeslariaren ahotsak, akordeoiak eta biolinak sentimentuz eta duintasunez janzten dabe diktadurako pasarte gordin ha. Egileak irakurten ditu poemak eta ostean, Nerea Zuloaga Areatzako abeslariak kantau egiten ditu akordeoia eta biolinaren musikeagaz.Oroitze ariketa bat da: “oroitzen dogun hori gara" dino idazleak, "oroitzen ez dana ez da inoz gertatu". 

Saturraranen aurkeztu zan bagilean eta bertan arratiar asko egon ziran lehenengo emonaldi haretan. Izan be, ikuskizun askotan (Etxabururen Ahaztu baino lehen, ama, Manttalingo alaba... eta Zuloagaren Dolu bat eta dolu bi) egin dabe lan alkarregaz Etxaburuk eta Zuloagak eta lan taldean hainbat arratiar dagoz.

Gainera, Bakarne Meabe omenduko dabe emonaldian, Saturrarango kartzelatik hilebete gitxi batzuekaz izara artean bizirik atera eben umea eta Areatzan bizi dana.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!