jantzak

Bolivia, Tanzania eta Euskal Herriko jantzek girotuko dabe Areatza

Asier Abrisketa 2024ko uzt. 19a, 11:39

Zapatuan, hilak 21, 20:00etan egongo dira ikusgai frontoian Manuel Acosta, Lumumba eta Andra Mari taldeen jantzaldiak 37. Folklore Bizian jaialdian.

Garagarrilaren 21ean, 20:00etan Areatzako frontoian izango da aurtengo Folklore Bizian, munduko jantzakaz gozatuteko urteko zitarik garrantzitsuena Arratian. Boliviako Manuel Acosta jantza taldea eta Tanzaniako Lumumba taldearen jantzak ikusteko aukerea egongo da Galdakaoko Andra Mari taldeak ekarrita.

Galdakaoko Andra Mari jantza taldeak antolatuten dau urtero Folklore Bizian jaialdia, eta mundu zabaleko jantza taldeak ekarten ditu euren ondarea eta ohiturak Euskal Herriko jantza-zaleen artean be jakitera emoteko. Atzen edizino bietan berbarako, Indonesia, Mexiko, Argentina eta Sri Lankako jantza taldeak egon ziran Areatzan.

Boliviako Manuel Acosta folklore taldea

Boliviako jantzek biolentzia eta gozotasuna adierazoten dabe: espainiarretik heredautako katolikotasunak ezarritako bizi baldintza gogorren biolentzia, alde batetik eta bizirauteko maitasuna eta poesiaren gozotasuna bestetik, hain zuzen be. Eta iluntzean, la diabladak jarraituko dau bere musikeagaz, antxinako herri honen lekukotasuna erakusten. Horixe egiten dau Manuel Acosta folklore taldeak bere jantzetan, “haizearen eta eguzkiaren seme-alaben” herriaren lekukotasuna erakutsi, hain zuzen be.

Tanzaniako Lumumba folklore taldea

Tanzaniako jantzak, entretenimentuaz gainera, emozinoak adierazoteko modua eta arabasoakaz komuniketako modua be badira. Taarab, berrogei instrumentuz lagunduta, tanborrak, adarrak eta sokak barne, Zanzibarren abeslari batek eskainitako ikuskizun herrikoia da. Andrak, gaueko soineko argitsuagaz, hurreratu egiten dira astiro-astiro

Artistarengana, jantzan eta dirua eskaintzen, euren bizitzen gaineko koplak kantau dagiazan. Musikeak, indiarren, arabiarren eta afrikarren eraginak ditu. Hau dana eskainiko dau Lumumba folklore taldeak.

Galdakaoko Andra Mari taldea

Folklore Bizian jaialdia antolatuten dauan Andra Mari taldea, 1955 urtea sortu eben Galdakaoko hainbat gaztek, euskal jantzen ondarea bildu eta eta gizarteratzeko. Hori dala-ta, sano errepertorio zabala daukie: Altsasuko inauteriak, Luzaideko jantzak, Bizkaiko erromeria, Zuberoako eta Gipuzkoako jantzak eta Lizarrako Larrain jantzea, beste batzuen artean.

Ikerketa eta dokumentazinoan oinarritutako jantzak eta emonaldiak eskaintzen ditue eta 

sei hamarkada honeetan atzerriko hainbat jaialditan hartu dabe parte Galdakaokoek; Belgika, Alemania, Erresuma Batuan edo Montrealen, berbarako.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!