areatza udan

Areatza Udan ekimen kulturalak jardunaldi bi dakarz hileon

Asier Abrisketa 2024ko uzt. 2a, 12:23

Irati Bilbaok kontzertua eskainiko dau garagarrilaren 4ko gauean.

Eguen iluntzean Cia Barsanti konpainiak antzezlan barria eskainiko dau eta gauean, Irati Bilbaok eskainiko dau kontzertua.

Areatzako Udalak aurtengo udarako be antolatu dau Areatza Udan egitarau kulturala. Jardunaldi bi izango ditu garagarrilean, 4an eta 18an. Bainuetxe ondoko landan egingo dira ekimenak eta bakotxak etxetik eroandako afariagaz, aire zabalean musikea eta antzerkiagaz gozatuteko aukerea ipini gura da mahai gainean. Egun bakotxean, antzerki bat taularatuko da 20:00etan eta kontzertua 22:00etan.

Oingo eguenean, hilak 4, kaleko antzerkia egiten dauan Cia Barsanti konpainiak bere LJ 75/ ST 75 antzezlan barria eskainiko dau. Bertan, inguratzen gaituen populismoen arriskuez egiten da beba. Ostean, 22:00etan, Irati Bilbao, soul eta jazz abeslari durangarraren kontzertua egongo da. Bilbaok 2020an kaleratu eban bere lehenengo diskoa Begin. 

Aste bi barru ostera, hilaren 18an, Pikor Teatro konpainia arabarrak Atsoak dantzan lana antzeztuko dau. Ikuskizun honetako protagonistak, zaharretxe batetik iges egindako andra bi dira. Euren asmoa itsasoa ikustea da. Antzezlan hau Pikor taldekoen zaharrei egindako omenaldia da, “zahar zoriontsuei, ametsez betetakoei eta bizitza trago luzeetan edaten dabenei”. 22:00etan, Maria Xosé Silvar, Sés, kantautore galegoa egongo da. Bere gitarreagaz, musika galiziarra, rock eta blues estiloetako eta latinoamerikako autoreen musikeagaz nahastuten ditu.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!