jaialdia

Gaur hasiko da aurtengo Areatza Musik & Beer jaialdia

Asier Abrisketa 2024ko mai. 31a, 09:26

Bariku eta zapatu artean hamaika musika talde, eskaintza gastronomiko zabala eta Basqueland Brewing-en sei garagardao mota egongo dira Areatzan.

Gaur, maiatzak 31, eta bihar, bagilak 1, artean ospatuko da aurtengo Areatza Musik & Beer jaialdia uribilduko kaleetan. Gune bi izango ditu jaiak, Gudarien plazan egongo da karpa eta eszenatoki nagusia eta Zubizarran, Kallartean gunea be egongo da. Urtero lez, jaialdiaren hiru oinarriak izango dira musikea, gastronomia eta garagardaoa.

Musikeari jagokonez, bakarlari bat eta hamar musika talde batuko ditu jaialdiak, Europa osotik heldutakoak. Lehen mailako rocabilly, rock&roll, bllues eta garaje rock soinuak entzungo dira; arrastietan Gudarien plazan eta eguerdian, Kallartean gunean.

Maiatzak 31, Gudarien plazan

  • 18:30ean, Gonzalo Portugal (EH)
  • 20:00etan, Al Dual (Esp)
  • 21:45ean, The Bluesbones (Bel)
  • 23:45ean, Noa & The Hell Drinkers (EH)

Bagilak 1, Kallartean

  • 13:00etan, Leanwolf (Fr)
  • 14:30ean, Moonshine Wagon (EH)
  • 16:00etan, Montana Stomp (Esp)

Bagilak 1, Gudarien plazan

  • 18:30ean, Los Sex (Esp)
  • 20:00etan, Diamond Dogs (Sw)
  • 22:00etan, Himalayas (UK)
  • 00:00etan, The Grassland Sinners (Cat)

Gastronomia: foodtruck eta gehiago

Musikea bakarrik ez, gastronomia da jaialdiaren oinarri garrantzitsuenetarikoa, garagardoagaz batera. Holan, Kallartean gunean hiru foodtruck egongo dira jaialdi osoan zehar, produktu propio eta bakarrakaz: Dando la brasa, Ulovers Mafaldo eta Kemekomo.

Gainera, zapatu goizez Despierta tus sentido katering enpresak, ardo dastaketeagaz batera, showcooking bi aurkeztuko ditu: Bermeoko kontserbetan oinarritutako pintxoak eta itsasoko zapore desbardinetan oinarritutakoa. Zapatu arrastian barriz, 18:00etan, Crisla Sweets gozogilea eta Jamonostruck urdaiazpiko espezialistea be egongo dira euren postuetan.

Garagardao sariduna

Jaialdiaren izenak dinoanez, garagardaoak pisu handia dauaka Areatza Musik & Beer-en eta edizino guztietan, Euskal Herrian egindako garagardaoa eskaini da. Oingoan be, Basqueland Brewing ekoizle hernaniarrak ipiniko ditu garagardao mota desbardinak, sei egongo dira dastatzeko. Ekoizle honek, Bartzelonako Beer Challenge lehiaketako garagardogile onenaren sari jaso dau 2021ean, 2022an eta aurten, 2024an.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!