Areatzako Laminetxe Gaztetxeak barriro ospatuko dau aurten bigarren urteurrena. Izan be, gaztetxea 2007an ipini zan martxan baina 2015ean, erabilerea eten zan. Belaunaldi barriek, 2022an ipini eben barriro martxan Laminetxe eta oin, maiatzaren 11n, egingo da bigarren urteurreneko jaialdia. Eguerdian hasi eta gauera arte geldialdirik izango ez dauan egitaraua antolatu dabe gazteek ospakizunerako.
Eguneko egitarauaz gainera, kontzertuak egongo dira gauez. Akëer talde galdakaoztarra izango da oholtzara igoten lehena. Urte biko ibilbideagaz, ahots femeninodun rock estiloa lantzean dau laukoteak. Gero, Arratians taldea, MG talde arratiarraren oinordekoak, izango da protagonistea reggae musikeagaz. Jaiagaz amaituteko, Matxinada bikote zeberioztarra egoan deituta baina atzenean, GEHIBIk ipiniko dau musikea.
Egitaraua
- 13:30ean, marianito-pintxada.
- 15:00etan, bazkaria.
- Gero, Bingoa.
- 19:30ean, poteo musikatua.
- 22:00etan, kontzertuak: Akëer, Arratians eta GEHIBI.