Areatzako Udala Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkartu zan igazko garagarrilean, Bizkaibuseko autobus geralekua eskatuteko. Izan be, bagilean 100 herritar inguruk eskatu eutsien geralekua Udalari, eta bainuetxeak be bat egin eban eskaera horregaz, bisitari askok garraio publikoa erabilten dabelako.
Gainera, eskakizunak, Bizkaibusek herriguneetan daukan geralekuen arteko distantzia planteamentua (300 metro ingurukoa) beteten dau: parkeko geralekutik bainuetxera distantzia hori dagoalako gitxi gorabehera. Autobus geraleku barria eskatzeagaz batera, herriko geraleku batzuetan markesinak ipintea be eskatu eban Areatzako Udalak.
Bizkaiko Foru Aldundiak, zemendian erantzun eutsan Udalari egindako proposamen biei baiezkoa emonaz. Hori dala-ta, Sakramentinoetan autobus geraleku barria ipini da; eta, uda inguruan, Sakramentinoetan eta Karpon markesina bana ipiniko dala Bilborako noranzkoan jakinarazo dau BFAk.