mendia

Eguenean amaituko da Areatzako X. Mendi Martxan izena emoteko epea

Iñigo Irua 2023ko ira. 19a, 10:40

Urri lehengoaren 21era arte, areatzakomartxa.blogspot.com webgunean emon daiteke izena. Aurten ezingo da egunean bertan, martxea hasi aurretik inskribidu.

Urri lehenengoaren 30ean izango da aurtengo Areatzako Mendi Martxea, urte berezia Lamino Kirol Klub eta parte-hartzaileentzako, hamargarren edizinoa da-ta. Atzen urteetan garbitu diran eta aurtengorako zabaldu dan antxinako bideetatik, ibilbide bi egongo dira: martxa luzea, 29 kilometro eta 1.800 metroko desnibelekoa, eta laburra, 21 kilometro eta 1.000 metroko desnibelduna.

Izena emonda izan arren, Areatzako plazatik pasau behar dira partaide guztiak 07:00retatik 07:45era bitartean. Plazatik bertatik abiatuko dira martxa luzea egin gura dabenak 08:00retan; laburra egiteko barriz, Bikozganetik urtengo dira partaideak, eta Bikozganera joateko autobusa egongo da.

Zaztaparrak Asti Taldearen urteurrena

Martxearen 10. urteurrena ospatuteaz gainera, Zaztaparrak Asti Taldearen 27. urteurrena be ospatuko da. Hori dala-ta, hainbat ekintza antolatu ditue. Jaia, 10:30ean hasiko da Zaztaparretako taldekide batek txupina botata. "Goizean zehar txoko desbardinak egongo dira herritik danok batera libertitako, gero Zaztaparkideontzat bazkaria egingo da frontoian, eta arrastian zehar musika eskaintza anitza egongo da herritik" azaldu dabe.

Txokoei jagokienean, sei txoko egongo dira. Eguerdiko 14:30erako ostera bazkaria antolatu dabe eta txartelak erosi ahal dira hilaren 23ra arte leku honeetan: Areatzako Bixer eta Hagina tabernetan, Arteako Herriko Bentan, Arantzazun Montero tabernan, Dimako Baltzola tabernan, Igorren Ezkina eta Herrikoan, Lemoan Atxetan, Zeanuriko jubiladuenean eta Zeberion Amañen. Menu berezirik behar izan ezkero 688 898 765 telefonora idatzi behar da.

Arrastiko 18:00etan, Orkresta Elektrotxarangak animauko dau giroa eta 21:30ean, Beranduegi taldeagaz erromeria egongo da. Gero, dj batek ipiniko dau musikea.

Areatzako garagardao alkartea

Beerllaro, Areatzako garagardao alkartea, da jaia antolatu dauan beste alkartea. Beerllarok, 12:30ean, hasteko Oktoberfest garagardaoaren jaia antolatu dau eta saltxitxak salduko ditu egun osoan zehar. Gero, 13:30ean, Dirty Old Band talde arratiarrak kontzertua eskainiko dau eta 20:00etan, I. Beerllarofest Kupel Jaurtiketa Txapelketea egongo da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!