musikea

Leihotikan eta Kilimak taldeek girotuko dabe gaurko gaua Areatzan

Asier Abrisketa 2023ko abu. 25a, 11:09

Leihotikan taldea izango da gaurko kontzertuetako bat Areatzan.

Gaur 22:00etatik aurrera hartuko dau Areatzak jaietako kontzertu gau garrantzitsuena, punk-rock melodikoa abestu eta doinu karibearrakaz jantza egiteko aukerea egongo da.

Karibeko doinuakaz baina euskeraz jantza egiteko talde gazte bat, Kilimak, eta samea hustu arte kantetako talde beterano bat, Leihotikan. Aurretik Safara Percussion taldeak girotuko dau iluntzea eta kontzertuen ostean, MJ Pototak ipiniko dau musikea.

Leihotikan talde iruindarra ibilbide luzeko banda da, punk-rock eta hardcore melodikoa, letra zainduakaz buztartuten dauz. Oin dala 29 urte osotu eben taldea Gorkak (ahotsa), Patxik (gitarrea), Aitorrek (baxua) eta Kikek (bateria). Hurrengo urtean Titi sartu zan Gorkaren ordez eta holan jarraitu dau taldeak. Euskal Herriko oholtzetan mobidu dira batez be, baina kanpoan ibilitakoak be badira, Herrialde Katalanetan eta Kantabrian berbarako. Hiru hamarkada honeetan, zortzi dira Leihotikan taldeak argitarau dituan lanak: Hemen ez da ezer aldatzen (1998), Lur (2000), Munduaren leihoa (2003), Ilunago, ederrago (2006), Oroimenak erretzen (2011), Harold (2012), Punk rok talde soil bat (2014) eta atzena, Non zaude? (2018).

Kilimak taldea 2018an osotu zan Hernanin eta euskal runba jantzagarria plazaratuten dabe oholtzetan. Arin zabaldu zan Euskal Herriko jaietan euren musikea baina jarraian, pandemia gerarazi eban taldea. Halanda be, 2020an, Gaztea Maketa Lehiaketearen 29. edizinoko Entzulearen Saria irabazi eban Kilimakek eta hurrengo urtean kaleratu eben lehen diskoa, Euskal Herriko runba. Holan, Agus Garmendia (ahotsa eta gitarra), Ione Zozaya (ahotsa), Ander Larrañaga 'Larra' (perkusinoa), Antxon Gutierrez (baxua) eta Oskitz Gorrotxategi (tronpeta) plazaz-plaza dabiz aurtengo udan; berbarako, Igorreko jaietan be egon ziran eta laster, Zeberion.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!